Xenpelar Etxearen beheko solairuan kokatuta, gaurtik hasi eta azaroaren 16ra arte astearte eta ostegunetan izango da zabalik Oroimenaren Bulegoa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Oroimenaren Bulegoak gaur zabaldu ditu ateak.
Frankismoak udalerrian utzitako biktimen
oroimen historikoa ikertuko dutela aitortza eta erreparazioa egiteko jakinarazi zuen udalak pasa den hilabetean. Hala onartu zuten Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek. Lehen urratsa, pasa den irailaren 13an egin zuen udalak,
Niessen Kulturgunean egin zuen aurkezpen ofizialarekin. Gaur heldu da bigarren urratsa, garrantzitsua oso, Oroimenaren Bulegoak gaur zabaldu ditu ateak. Julen Mendoza alkateak aitortu duenez, agian berandu heldu da, “baina ez beranduegi, memoria biziak jarraitzen duelako, gerra bizi zutenak edo haien seme-alabak oraindik bizirik jarraitzen dutelako”.
Xenpelar Etxearen beheko solairuan kokatuta, gaurtik hasi eta azaroaren 16ra arte astearte eta ostegunetan izango da zabalik bulegoa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Bertara joaterik ez dutenentzat, berriz, bi
helbide elektroniko, eta 943 46 61 42 telefono zenbakia jarri du eskura Aranzadik. Kasu horietan hitzordua egin eta etxera hurbilduko dira elkarrizketak egitera ikerlariak.
Oroimenaren Bulegoak 1936ko gerrak eta lehen frankismoak Errenteria-Oreretan izandako ondorioak ikertuko ditu. Horretarako, hilabetez, gerra zuzenean bizi edo bizi zuten horien seme-alaben testigantzak, haien oroimenak gordetakoa bildu nahi du, liburua egiteko ondoren. Oroimenak gordetakoa, paperean islatu. Egia ezagutu eta hura jaso, aitortza, erreparazioa eta justizia egiteko.
Ikerketak “garrantzi berezia” duela esan du Mendozak, Jose Angel Rodriguez (PSE-EE), Jon Collar (Errenteria-Irabaziz), Garbiñe Oiarbide (EAJ) eta Aranzadiko ikerlariekin batera egindako agerraldian, “testigantzak jasotzea da helburua, eta horretarako 65 urtetik gorako 9.500 laguni gutuna bidali die etxera udalak, testigantzarik badute bulego honetara hurbildu eta kontatzeko, memoria osatzen laguntzeko”.
Oroimenaren bulegoa zabaldu du udalak.
Genero ikuspegitik egindako ikerketa
Emakumeek leku berezia izango dute gainera ikerketa horretan, “bi aldiz jaso zutelako haiek errepresioa. Beste edozein herritar bezala, baina baita emakume izateagatik ere , eta zentzu horretan, atal berezia hartuko du emakumeen gaiak ikerketaren barruan”.
Oroimenaren Bulegoan eta ikerketaren inguruan Aranzadiko Javier Buces ikerlaria, Amaia Rodriguez historialaria, eta Olatz Retegi antropologoa arituko dira. Rodriguezek artxibo bidezko dokumentazio bilketa egingo du, eta Retegik berriz, testigantzak jasoko ditu elkarrizketen bidez bulegoan. Izan ere, elkarlanean arituko dira Errenteriako Udala eta Aranzadi elkartea.
Ikerketaren bidez 1936ko gerratik 1945. urtera arte Errenteria-Oreretan gertatutakoa jakin nahi dute, eta horri begira bi modutan lan egingo dutela azaldu du Bucesek: “Batetik dokumentazio bilketa egingo dugu, eta horretarako artxibo lokala, militarrak, herrialdekoak, eta estatukoak aztertuko ditugu, herriarekin zerikusia duten guztiak biltzeko. Informazio historikoa biltzen ari gara jada, zer gertatu zen jakiteko, eta batez ere, errepresioa nortzuk sufritu zuten jakiteko. Bestetik, paraleloki ahozko testigantzak jasoko ditugu, familiek gordetzen duten informazioa: argazkiak, agiriak, eta batez ere, oroimena”.
1936ko Gerra eta frankismoarekin lotutako liburuak ere bildu dituzte Oroimenaren Bulegoan.
Artxiboetan ez dauden errepresioak
Azken hori, egoera sufritu zutenen edo haien familien oroimena bereziki garrantzitsua dela esan du Bucesek, “errepresio mota batzuk ez daudelako artxiboetan”. Hor kokatu du, esaterako, emakumeen kontrako errepresioa, “lehenengo etapa ez dago dokumentatua, errepresio instituzionala izan zen, eta behar dugu herritarren oroimena, argazkiak eta dokumentazioa, memoria hori berreskuratzeko”. Rodriguez hasi da dagoeneko artxiboetan bildutakoa jasotzen, eta testigantzak biltzeko bulegoak gaur zabaldu ditu ateak. Genero ikuspegitik egingo dutela ikerketa gaineratu dute Aranzadiko kideek.
Oroimenaren Bulegoan oroimena jaso nahi dute, baina informazioa ere emango dute: “Norbaitek ez badaki zer gertatu zitzaion bere aitona edo amonari gerra garaian, ikerketa hasiko genuke”.
Nazioartean aipatzen diren hiru printzipio ekarri ditu gogora Bucesek: egia, justizia eta erreparazioa, “Arantzadi bezala, ikerlari gisa, guk egia jakin behar dugu. Justizia eta erreparazioa beste erakundeei egitea dagokie. Gurea da egia jakitea”.
Urte eta erdi eta bi urte artean luzatuko da ikerketa, eta amaieran liburua argitaratuko dute.
Bulegoa zabaltzearekin batera, egitaraua antolatu du udalak hilaren 19tik, azaroaren 16ra arte.
Emeek emana Intxorta 1937 Kultur Elkartearen emakumeen ikuspegiarekin argazki eta kontakizunez osatutako erakusketa, lau hitzaldi eta film emanaldia antolatu dituzte.
Egitaraua
- Hilak 19, osteguna. Lehen frankismoa Euskal Herrian eta Errenterian hitzaldia Iñaki Egañaren eskutik, Xenpelar Etxean 19:00etan.
- Hilak 23, astelehena. Ama, nora goaz? film emanaldia Niessen Kulturguneko auditorioan 19:00etan.
- Hilak 26, osteguna. Cuando las alambradas eran nuevas. los exilios y campos de concentración de la Europa de entre guerras hitzaldia Josu Txuekaren eskutik.
- Hilaren 27tik azaroaren 11ra. Emeek emana erakusketa Merkatuzarren.Astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara (igande eta jaiegunetan itxita). Bisita gidatuak, hilaren 31n 19:00etan euskaraz; eta azaroaren 2an, 19:00etan gazteleraz.
- Azaroak 8, asteazkena. Emakumeen esperientzia kolektiboa eta historikoa berreskuratzen hitzaldia Julia Monge eta Zuriñe Rodriguezen eskutik, Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan 19:00etan.
- Azaroak 16, osteguna. La represion desde la prespectiva de genero hitzaldia, Lourdes Herrastiren eskutik, Xenpelar Etxean 19:00etan.