Berritze lanetarako 750.000 euro
San Pedron oinezkoen pasealekua Ondartxoraino luzatuko dute eta Donibanen plazatik uretara jaisten den arrapala konponduko dute.
San Pedroko puntetako pasealekua Kalparraraino dago urbanizatuta eta orain Ondartxoraino luzatuko dute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 750.000 euroko inbertsioa onartu du gaur Pasaiako badiarentzat. Bokalearen bi aldeetan egingo dituzte lanak. San Pedron, puntetako pasealekua Albaolaraino luzatuko dute eta Donibaneko plazan uretara jaisteko arrapala konponduko dute. Donibaneko lanek 162.500 euroko aurrekontua dute.
Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendiak eman du erabakiaren berri: ” Proiektu honen bitartez, pasealekua Albaola faktoriaraino luzatuko da, oinezkoentzako espazio berri eta erosoa sortuz. Horri esker, Ondartxoko ontziolaraino doan bidea erakargarriagoa izango da”.
Lanak Pasaiako Udalak egingo ditu. Azaroan hasiko direla iragarri eta 2018ko maiatza edo ekainerako bukatuak egongo direla aurreikusi dute.