'Junts' leloarekin herritarrak kalera atera ziren atzo arratsaldean. Katalunian gertatzen ari direnekin erabat sentsibilizatuta daude herritarrak.
Oiartzurrak bilduta, atzo, Done Eztebe plazan.
Elkarretaratzeak egin zituzten atzo Lezon, Pasaian (Antxon, San Pedron eta Donibanen), Errenteria-Oreretan eta Oiartzunen.
Junts leloarekin, ikurrinak eta Kataluniako esteladak elkartu zituzten, asmo garbiarekin: Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart, ANC eta Omniumeko presidenteen espetxeratzea salatzea.
Arratseko elkarretaratzeetarako deiak Gure Esku Dago-k egin zituen herri gehienetan. Errenteria-Oreretan Oarso Eraikiz-en ekimenez bildu ziren hamarnaka lagun Zumardian. Pasaian hiru barrutitan egin zituzten mobilizazioak, Lezon Karlos Saldisen ohikoa den bilkura egin zuten, eta Oiartzungo Done Eztebe plazako bilkurarekin bat egin zuten erakundeak asko izan ziren: Gure Esku Dago-z gain, ELA, LAB. EH Bildu, EAJ eta Ernai.
Oiartzunen atxiloketa horien gaineko irakurketa egin zuten. Espainiako Estatua ideia politikoen eta askatasunaren kontra egiten ari direla ohartarazi zuen bertako Gure Esku Dago-k (GED), “urrutiegi iritsi da. Kataluniako independentziaren aldeko mobilizazioak eta adierazpideak delitu bilakatu nahian dabil”.
Katalanek XXI. mendeko kultura politiko berriari atea zabaldu diotela uste du GEDek, “era baketsu eta zibikoan egin dute”, eta horren alde, eta errepresioaren kontra, kalera atera beharra dagoela adierazi du.
Ondokoak atzoko elkarretaratzeetako irudiak dira.