Mintzalaguna egitasmoa jarri du martxan aurten ere Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak euskaldun berriei euskaraz aritzeko aukera eskaintzeko.
Mintzalaguna programa abiatu du Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak aurten ere.
Bat baino gehiago da euskaltegira joan, euskara ikasi, baina hura erabiltzeko aukerarik ez duena. Batzuetan euskaraz aritzeko inor ez dute inguru hurbilean, eta beste batzuetan izan bai, baina lotsak jota, esango dutena zuzena izango ez ote den beldurrez, ez dira ausartzen.
Euskalduntzeko lanean ari direnek gertutik ezagutzen dituzte halako egoerak, baita hizkuntza batean bizitzen hastea zein garrantzitsua den, hizkuntzaz jabetzeko, norberarena egin eta eroso aritzeko ere.
Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearentzat ere ezaguna da egoera hori, eta horregatik, euskalduntze prozesuan murgiltzea erabakitzen duten pertsonek aurkitu edo batzuetan bere buruari jartzen dizkioten mugak apurtu nahian abiatu zuen Mintzalagun egitasmoa.
Urteak daramatza horretan elkarteak, eta aurten ere, Mintzalagun programa abiatu du euskaldun zaharrekin euskaraz praktikatu nahi dutenei begira. Orain arte bezala, taldeetan banatuta, astean ordubetez elkartuko dira, lagunartean: “Hizkuntza bat ikasteko modurik egokiena erabiltzea da, eta Mintzalaguna programan horretarako aukera eskaini nahi diegu euskaldun berriei, edota euskaraz jakin baina hura erabiltzeko aukera gutxi dutenei”.
Herrian izango diren 130 mintzalagunei ikusgarritasuna eman nahi die, gainera, euskara elkarteak, eta horretarako, Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen ari direla erakusten duen euskarri berria sortu dute, “herriko tabernetan ikusteko aukera izango da laster”.
Aurreko urteetan bezala, hilean behin mintza poteoak, mintzodromoa, afariak eta irteerak ere antolatuko dituzte.
Mintzalaguna programan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute eta horretarako, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen egoitzara (Pablo Iglesias 11), Udal Euskaltegira edo Xenpelar AEK Euskaltegira jo behar dute. Programan parte hartzea doakoa da.