Iganderako antolatu du Trintxer Mendi Taldeak irteera eta, aurten, lehen aldiz, haurrentzako ibilbide motzagoa aukeran eskainiz.
Trintxer Mendi Taldeak XXV. Mendiola-Ulia Ibilaldi Neurtua antolatu du iganderako. Taldeak 08:00etan abiatuko dira Trintxerpeko azoka paretik, handik San Pedrorantz irten eta Platako farolatik barrena Ulia eta Mendiola zeharkatzeko. Tartean lau kontrol gune zeharkatu beharko dituzte taldeek. Irteera eta helmuga, ohi bezala, Azoka parean kokatuko dute, Euskadi etorbidean.
Ibilaldi Neurtuta bukatuta, hala nahi duenak bazkarian geratzeko aukera izango du, 14:30ean, Trintxer elkartean.
Haurrekin txangoa
Egun berean seme-alaba edota haurrekin batera parte hartu nahi duten familiekin pentsatuta, ibilbide motzagoa bat izango da aukeran aurten lehenbizikoz.
Haurrekin irteten direnak 08:30ean abiatuko dira azokatik, eta Pablo Eneatik igoko dira ur biltegietara, handik Almirantearen gotorlekuraino igotzeko.
Herri Ametsa ikastolara jaitsiko dira ondoren, handik Platako Farolara joateko eta bertatik San Pedrora jaisteko. Txangoa Serafin Esnaola plazan amaituko dute, pintxoak dastatzen.
Kasu honetan 5 euro balio du helduen izen-emateak eta 2,5 haurrenak, eta pintxoa ez ezik, salda eta elastiko bana barne hartzen ditu.
25. urteurrena
25. urteurrena ospatzen ari da aurten Trintxer Mendi Taldea, eta urteurrenari lotuta
hainbat ekitaldi antolatu dituzte urtean zehar, besteak beste argazki erakusketa. Trintxerpeko hainbat establezimenduetan mendi taldearen bilakaeraren erakusgarri diren argazkiak ikus daitezke egunotan.
Horrez gain, mendi taldeko arduradunek argazki lehiaketa martxan dutela ohartarazi eta igandeko ibilaldi neurtua argazkiak ateratzeko aukera paregabea izan daitekeela gogorarazi dute.