Deskontu txekeak banatu eta erosketa baleak zozketatuko dituzte liburutegietan euskarazko literatura maileguan hartzen dutenen artean.
Ikastetxeak, euskaltegiak, liburu denak eta irakurketa kluba, guztiak elkartu dira gaur aurkeztu duten kanpainan.
Orriz orri euskara erabili, orriz orri euskara igorri kanpaina martxan jarri du Pasaiak aurten hirugarrenez. Kanpaina udaleko Euskara Sailak antolatzen du eta irakurketa klubak, herriko ikastetxeek, euskaltegiek, eta liburu-dendek parte hartuko dute. Gaur eguerdian aurkeztu dute kanpaina, Antxoko liburutegian, kanpainako partaide guztien ordezkariak bertan zirela.
Pasaiako liburutegietako arduradun Aitziber Zinkunegik zehaztu ditu kanpainaren helburuak. Esan duenez, irakurzaletasuna bultzatzea ez ezik, liburutegien erabilera sustatu, euskarazko literatura ezagutarazi eta euskal liburugintza indartu nahi dute, baita herritarren kultur kontsumoan euskararen presentzia indartu ere.
Nabarmendu duenez, kanpainak, batez ere 16 urtetik gorakoen artean eragin nahi du, euskaraz irakurtzeko ohitura gutxien dutenen artean, hain zuzen.
Nola parte hartu?
Aurreko urteetan bezala, aurten ere, euskarazko literatura maileguan hartzen duten erabiltzaileen artean deskontu txartelak banatuko dituzte udal liburutegietan. Gerora, herritarrek Antxoko Urdin eta San Pedroko Isasa liburu dendetan euskarazko literatura %25 merkeago erosi ahal izango dute. (Deskontua %50eako izango da euskaltegietako ikasleentzat eta mintzalagunentzat).
Horrez gain, kanpainaren bukaeran, udal liburutegi bakoitzean 30 euroko bi bale zozketatuko dituzte, bata16 urtetik beherakoen artean, eta 16 urtetik gorakoen artean bigarrena. Erosketa baleak izango dira, Urdinen eta Isasan euskarazko literatura erosteko horiek ere.
Kanpaina astelehenaz geroztik dago martxan eta azaroaren 30era arte luzatuko da. Erosketa txekeak eta baleak erabiltzeko azken eguna, berriz, abenduaren 31 izango da.
Jarduera bereziak
Kanpaina bitartean hainbat ekitaldi antolatuko dituzte liburutegietan. Aste honetan, esaterako,
Liburutegien Eguna ospatzeko ipuin kontaketak ari dira egiten.
Horrez gain, herriko ikastetxe eta euskaltegietan kanpainaren aurkezpen saioak egiten ari dira, eta aurreratu dutenez, Batxillergoko ikasleek aurrez irakurriko duten liburu baten idazlearekin solasaldiak egiteko aukera izango dute.
Irakurketa Kluba
Kanpainari bultzada emanez ariko da baita ere herriko Irakurketa Kluba. Xabier Etxaniz Rojo idazleak dinamizatuta, Pasaiako Irakurketa Kluba hilean behin biltzen da duela bi urtetik, San Pedroko eta Trintxerpeko liburutegietan txandaka.
Etxaniz kanpainaren aurkezpenean izan da, eta klubak kanpainan parte hartuko duela iragarri du. Xehetasunak oraindik argitzeke, bideoen bitartez eta sare sozialak erabiliz parte hartuko dutela aurreratu du.
Herritarrak Irakurketa Klubean parte hartzera animatu ditu Etxanizek, eta hurrengo saioa azaroaren 20ean izango dela iragarri du.
Koaderno handia liburuaz jardungo dute hurrengo saioan, eta interesdunek eleberri bila liburutegietara jo besterik ez dute.