Xenpelar Bertso Eskolak Zapirain Anaia Saria eta Ibon Zabala Saria bertso paper lehiaketetan parte hartzeko epea zabaldu du.
Jon Martinek irabazi zuen Zapirain Anaiak Bertsopaper Lehiaketa iaz.
Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen Xenpelar Bertso Eskolak Zapirain Anaia Saria eta Ibon Zabala Saria bertso paper lehiaketetan parte hartzeko epea zabaldu du. Zapirain Anaiena, 17 urtetik gorakoentzako saria da, eta Ibon Zabalarena, berriz, 16 urte arteko gazteentzat. Lehenak hogeita hemeretzigarren aldia du, eta bigarrenak hemeretzigarrena.
Batean zein bestean Euskal Herriko edonork parte har dezake. Sorta bakoitzak zortzi bertso gutxienez eta hamalau gehienez izan beharko ditu Zapirain Anaia Sariaren kasuan, eta Ibon Zabala Sarian, berriz, lau bertso gutxienez eta sei gehienez. Lehiakide bakoitzak hiru lan aurkeztu ahalko ditu batean zein bestean.
Sariei dagokienean, 875 euro eta oroigarria jasoko ditu Zapirain Anaiak Sariaren irabazleak; eta bigarren sailkatzen denak, 500 euro. Ibon Zabala Sariaren irabazleak, 250 euro eta oroigarria; eta bigarrenak, 150 euro irabaziko ditu. Aurkeztutako lanek berriz, saritu edo argitaratu gabeak, eta jatorrizkoak izan beharko dute eta gaia librea izango da bietan.
Interesdunek azaroaren 24a baino lehen bidali beharko dituzte lanak posta arruntaz Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen egoitzara, Xenpelar Bertso Eskola zehaztuta (Pablo Iglesias Etorbidea, 11. 20.100 Errenteria), edo 181 posta kutxara.
Posta elektronikoz bidaltzeko aukera ere izango dute. Edozein zalantza argitzeko 943 34 01 43 telefono zenbakira dei dezakete parte hartzaileek.
Sariak abenduaren 20an banatuko ditu Xenpelar Bertso Eskolak.