Kartzelara sartzeko zain dira Amaia Agirregabiria eta Iker Rokandio; bi udaltzain eta herritar baten arteko trafiko liskar bat auzitegietatik ateratzen saiatu ziren, eta akats bat tarteko zigortu dituzte
Kartzelara sartzeko zain dira Amaia Agirregabiria eta Iker Rokandio; bi udaltzain eta herritar baten arteko trafiko liskar bat auzitegietatik ateratzen saiatu ziren, eta akats bat tarteko zigortu dituzte.
Epe laburrean espero da Amaia Agirregabiria eta Iker Rokandioren espetxeratzea.
Trafiko liskar batean bitartekari lanak egiten hasi eta kartzelan bukatu. Zaila da ulertzen. Zuek baduzue azalpenik?
Iker Rokandio: Niri bururatzen zaidan gauza bakarra da borondate onez egin ahal duzun akats baten erabilera, parean duzunaren maltzurkeriaren edo interesen arabera erabilgarri gisa geratzen dela. Uler daiteke? Niri, egia esan, iruditzen zait hau guztia zorakeria hutsa dela. Azalpen objektibo askorik ez zaizkit bururatzen, baina jada hainbeste pentsatu dut eta hainbeste buelta eman dizkiot, saiatzen naizela honezkero interpretazio askorik ere ez egiten.
Amaia Agirregabiria: Ni ez naiz abokatua, ez naiz jurista. Argi dut akats bat izan zela, baina inork ezin du bere kabuz edo nahita delitu bat egin eta delitu hori sinatu. Oso aldrebesa izan da dena. Nik uste dut honetaz guztiaz ezer ez dakien norbaiten azalean jarrita ez hanka ez bururik ez duen zerbait dela. Azken batean, gure helburua gauzak ondo egitea zen. Inork ez du deliturik egiten onura kolektibo bat bilatzen duenean. Nik argi dut Iker eta biok guztion onurarako egindako akats bat izan zela, baina izan dituen ondorioak eta eramango gaituen puntura… Sinestezina da justizia horretarako egon daitekeenik. Ez du ez hanka ez bururik.
Justizia eragoztea leporatuta, bi urte eta erdiko kartzela zigorra eta inhabilitazioa. Inork gutxik espero zezakeen.
Rokandio: Amaia inhabilitatu dute alkate izateko eta ni idazkari izateko. Ni ezingo naiz idazkari izan baina jarrai dezaket aholkulari gisa edo udal letratu bezala lanean. Kartzelara garamatzan zigorra justizia eragoztearena da. Donostiako epaileak, gure salatzaileen hitzak entzun zituena, ez gintuen absolbitu, baina zigor txikiena ezarri zigun, urtebeteko zigorra, kartzelara joan behar ez izateko. Justiziari askoz lotuago zegoen lehen epai hura, helegitearen ostean, Gipuzkoako Auzitegiak ebatsi duena baino. Finean, guk ez dugu sentitzen gaiztakeria bat egin genuenik edo errudun sentitu behar garenik, herriaren dirua lapurtu dutenak edo beraien lagunen mesederako aritu direnak bezala. Gurea askoz ere abstraktuagoa zen.
Zuek ez zenuten ezertaz ezagutzen udaltzainek salatu zuten emakumea, ezta?
Agirregabiria: Ezertaz ere ez. Pentsa! Nik entzuna nuen gu salatu gaituzten bi udaltzainek esaten zutela emakume horren haurrek nire seme-alabekin jolasten zutela, eta badaezpada galdetu nuen zein zen, ezagutzen ote nuen jakiteko, baina ez nuen ezertaz ere ezagutzen.
Rokandio: Ez Amaiaren kasuan eta ez nire kasuan ere. Ni eibartarra naiz eta nire lankideez gain oso jende gutxi ezagutzen dut Pasaian. Delituaren azalpena askotan hori da, adiskidekeria oztopatzea. Baina kasu honetan ez zen egon halakorik. Gure saiakera izan zen emakumea eta gure bi udaltzainak onik ateratzea.
Auzian inplikatutako bi udaltzainek hala eskatuta idatzi zen gerora zuek salatzeko erabili duten agiria.
Rokandio: Beraien eskariz baino, beraien oniritziarekin. Udaltzainek beldurra zuten, zurrumurruetan entzuna zutelako udalak zigortuko zituela trafiko liskar hartan izan zuten jokabidearengatik. Ez zuten ondo jokatu. Gerarazi zuten kotxe bat ez zutena ibilgetu behar; ez zioten emakumeari kotxea eramaten utzi, eta isuna momentuan kobratu nahi izan zioten, emakumea frantsesa izan balitz bezala, eta hori ezin da egin.
Beranduago, udalak epaiketara ez joateko eskatu zienean,— zehazki ni egon nintzen beraiekin horretaz hizketan nire bulegoan, bizpahiru orduz negoziatzen—, bermeren bat nahi zuten, eta nik oparitu egin nien, idatziz jasota beren jokaera zuzena izan zela. Ni urkatzeko soka oparitu nien. Agiri horretan agintzen zitzaien epaiketara ez joatea eta horretara heldu dira beraiek. Baina ez zen inposizio bat izan, adostua izan zen, eta beraiek, hasieran onartu egin zuten, nahiz eta gerora ukatu.
Epaiketa bitartean akordioa lortzen saiatu zarete baina ez da modurik egon.
Agirregabiria: Salaketa jarri zigutenetik beraiekin harremana guztiz eten egin da, baina nik uste dut ez dela egon negoziaziorako inolako borondaterik. Oso jarrera beligerantea izan dute hasieratik.
Rokandio: Gure abokatua hasieratik joan zen beraien abokatuarengana adostasun bat lortu asmoz. Ez zuen lortu, eta zentzu horretan ez da egon inongo asmorik. 2013ko maiatzean gertatu zen hau, eta 2013ko azaroan jarri zuten salaketa. Guk 2014ko otsailean jakin genuen, eta orduan, beraien posta elektroniko oso maltzur bat tarteko, konturatzen hasi nintzen non sartua nintzen eta nire akatsarekin non sartu dudan Amaia ere. Amaiak, azken batean, ez dakielako gauza hauetaz, eta nigan konfiantza jarri zuelako. Epaiketa 2016ko irailean izan zen, eta erraztasun osoz gezurra esan zuten, negoziazioa egon zenik ukatuz. Nik, hala ere, ez nuen uste lehen epaiketa irabazi zutenean errekurtsoa jarriko zutenik. Orduan bai pentsatu nuen: ‘ankerkeria izugarri hau zeren arabera? Nahi duten argazkia da Amaia eta biok petatearekin kartzelara sartzen? Baina, hori, lankideen artean zer tamainako irainaren arabera egin daiteke?’. Egia izango balitz ere esan dutena, ez da nahikoa lehen zigorra? Zergatik? Nik jarraitzen dut ulertu gabe, baina jada ez diot nire buruari galdetzen, horrek ez duelako inoiz erantzun garbi bat izango.
Zuen kontrako epaiketa nahita hauspotu duenik izan dela uste duzue? Hala bada, zeintzuk izan daitezke motibazioak?
Agirregabiria: Urte asko pasatu dira eta gauza asko pentsatzeko denbora izan dugu, baina nik uste dut bi pertsona hauek ez liratekeela gai, euren kabuz, iritsi diren lekuraino iristeko. Sentsazio hori daukat. Beharbada inuzenteegia naiz. Ez ditut hain gaizto, oker eta soziopata irudikatzen, eta pentsatu nahi dut norbait eduki dutela atzetik hauspotzen. Izan daiteke udalean izan diren arazo sindikalen inguruko
vendetta antzeko bat, ezker abertzalearekin lotutakoa… ez dakit. Motibazioak, uste dut, asko izan daitezkeela. Baina, hala ere… udaltzainetako bat nigandik oso gertu bizi da, eta nire bi seme-alabekin gurutzatuko da goizero ikastolako autobusera doazenean. Ni haren lekuan ez nintzateke oso ondo sentituko jakinda bi haur horien ama espetxera bidali dudala. Ez dakit. Ez dut ulertzen, baina nik uste dut baitez, babesa eta hauspoa eduki dutela. Oso urruti iritsi dira, oso. Irabazlearen medaila nahi bazuten lehenengo epaiarekin nahikoa zuten.
Rokandio: Nik bai pentsatu izan dut hasieratik beraien atzean inor ezkutatzen zela. Jarraitzen dut pentsatzen, nahiz eta ez dakidan nor.
«Asumituta dut barrura noala
eta uste dut burua jada kartzelan dudala»
Amaia Agirregabiria
Pasaiako alkate ohia
«Ez dugu sentitzen gaiztakeria bat egin genuenik edo errudun sentitu behar garenik»
Iker Rokandio
Pasaiako udaleko idazkari ohia
Bide penaletik ba al da zirrikiturik egoera honi buelta emateko? Horren itxaropenik?
Agirregabiria: Nik uste dut ezetz. Pertsonalki asumituta dut barrura noala, eta uste dut jada burua kartzelan dudala. Epaiaren ondoren nire abokatuarekin egon nintzen lehen aldian, indultuarena bota zuen nire senarrak, eta abokatuaren erantzuna izan zen, ‘Francorekin gehiago indultatzen zen orain baino’. Gero, berri bitxiak ikusten dituzu. Duela gutxi ustelkeriagatik epaitutako sei politikari indultatu dituztela eta halakoak, baina argi dago indultuak politikoak izaten direla eta gu ez gaudela indultatzaileen agendan.
Rokandio: Gainera, horrek ez luke ekidingo kartzelan sartzea, bere bidea eramango lukeelako, inolako emaitzarik izango balu ere. Orain buruan duguna da, zenbat denbora egingo dugun barruan hirugarren gradua lortu arte. Kalera irten eta kartzelara joan soilik lotara, gero eskumuturreko telematikoa… Fase horietan noiz sartuko garen, horixe orain gure kezka. Ez dugu beste ezer espero.
Epe laburrean espero da zuen espetxeratzea. Nola ari zarete aurre egiten egoerari? Eta zuen gertukoak nola ari dira bizitzen hau guztia?
Agirregabiria: Arazoa ez da espetxera joatea, baizik eta kanpoan uzten duzuna. Bakoitzak bere lana, bere familia, bere testuinguru soziala eta familiarra du, eta hortaz arduratu behar zara ezer baino lehenago. Nik badakit ez naizela galduko han barruan, baina kezkatzen nau kanpoan uzten dudana: familia, haurrak, haurren adina, hipoteka… Hori guztia lotuta uzten duzunean lasaitasun fase batean sartzen zara, ez balitz espetxeratze data bat ez edukitzeak sortzen dizun antsietatearengatik. Horrek ezinegona sortzen du.
Rokandio: Ni ere hala nabil, plangintzarik egin ezinda, eta mingarria suertatzen zait, adibidez, jendea Gabonetarako planak egiten entzutea. Nahiago dut halakorik ez entzun. Ni, egia esan, etsita nengoen, eta aspalditik oso barneratuta nuen hau. Denboran luzatze hau, nahiko agonikoa urteetan zehar, ona izan da nire semea hazi egin delako. Laster 18 urte egingo ditu eta 13-14 dituenetik ari da niri entzuten etorri beharko duela bisitatzera barrura. Horrek arrastoa utzi du nire eszeptizismoan, kasu honetan erabat erreala, tamalez. Nik banuen Amaia absolbitua izateko esperantza logiko bat, baina… Ondo samar daramat. Neurri batean sartzeko data jakiteko desiratzen ere, nolabait, denbora deskontatzen hasteko gogoz.
Zuen aldeko ahotsak ere entzuten ari dira, eta elkartasuna helarazi ez ezik, sostengua ere antolatzen hasiak dira Pasaian eta Eibarren. Sinadura bilketak, erresistentzia kutxa…
Agirregabiria: Oso lagungarri ari zait suertatzen jakitea ez gaudela bakarrik. Nik dudan lasaitu horretan horrek asko eragin du. Ikustea familia babestuta egongo dela eta herria zurekin dagoela. Jendeak ulertzea hau astakeria bat izan dela eta ez duela ez hanka eta ez bururik. Bizitzen ari garen momentu honetan oso garrantzitsua da. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer izan behar duen guzti honi aurre egin behar izatea bakarrik, zure bakardadean, zure etxeko arazoekin. Babes handia jasotzen ari gara, udaleko langileak, herritarrak, eta gainera, askotan, espero ez duzun jendearena ere. Ez dut sekula ahaztuko. Sekulako indarra ematen dit egunerokoari eta etorriko zaigun horri aurre egiteko.
Rokandio: Niri ere babesak asko lagundu dit. Batzuetan burua jan dut, eta bortxatu egin banindute bezala sentitu izan naiz. Baina errua beti da bortxatzailearena, hori oso argi dago. Hobeto daramat Pasaian eta Eibarren nire lankide ohiek eta gaur egungo lankideek elkartasuna adierazten didatenean. Ez da gutxi, eta nik uste dut barruan bereziki pentsatuko dudala horretan.
Desio, nahi edo plazara daitekeen eskaerarik?
Agirregabiria: Jendearen elkartasuna eskertu eta udal langileen aurrean esan nuena, eta gaur egungo Pasaiako alkateari ere esan diodana: mesedez, baliabideak jar daitezela horrelakorik berriro gerta ez dadin. Udal barruko funtzionamendua, administrazioan ematen diren harremanak, aldatu egin behar dira. Toxikoak dira. Hau ez da eduki dugun iskanbila bakarra. Asko egon dira. Ez dakit adimen emozionala falta den, ez dakit nola bidera daitekeen… Baina jendea gaixotzen ikusi dut, harremanak ez dira osasuntsuak, eta lankidetasuna ikusten hasten da halako egoera batetara iristen garenean. Uste dut ez lukeela horrela izan behar. Honek guztiak balio badu berriro ere horrelakorik ez gertatzeko, eta udal administrazioaren barruko mafiak eta kontu arriskutsuak konpontzeko, pozik noa.
Rokandio: Nik espero dudana da ez dadila gehiegi luzatu nire normaltasunera buelta. Nire lana asko gustatzen zait, eta lanera itzuli eta hau gero eta atzerago uzten hasteko desiratzen nago.