Jatorri anitzeko familiak hurbilduta, mahairen bueltan eserita, hurbildu eta saretzea du helburu Bizilagunak iniziatibak.
Carrere, Rubio, Talamosi eta Goddi.
Aurreiritziak apurtzeko biderik egokiena omen da ezagutza. Jatorri anitzeko familiak hurbilduta, mahairen bueltan eserita, hurbildu eta saretzea du helburu Bizilagunak iniziatibak. Seigarrenez egingo dute Errenteria-Oreretan, eta gaur aurkeztu dute SOS Arrazakeriako Gerar Carrerek, eta
Bizilagunak iniziatiban parte hartu duten, Samira Goddi Errenteriako Udaleko Aniztasun teknikariak, Mami Talamosi Errenterian bizi den kongoarrak eta Sorkun Rubio abeslariak.
Bizilagunak iniziatibaren helburua bi familia batzea da, bata atzerritik heldutakoa eta bestea bertakoa. Baten edo bestearen etxean, mahaiaren bueltan, aniztasuna saretzen hastea, atzerritik heldutakoen gaineko aurreiritzi eta estereotipoak apurtzea, elkar ezagutzea. Horri begira, izena emateko epea zabaldu dute. Azaroaren 19an egingo dituzte bazkariak eta hurrengo asteazkena, hilaren 8a izango da iniziatiban izena emateko familiek izango duten azken eguna. 943 05 63 78 edo 658 74 97 56 telefono zenbakietara deitu behar dute horretarako, edota
webgunean dagoen fitxa bete.
Joan den urtean 36 familiek eman zuten izena eta 18 bazkari egin zituzten Errenteria-Oreretako beste hainbeste etxeetan. Garrantzitsua da hori Carrereren esanetan, “bazkariak etxean egitea. Bertan giroa intimoagoa da, goxoagoa, hurbilagoa. Ezberdina”. Bat etorri da Goddi. Berak behin hartu du parte iniziatiban eta horri esker bestela ezagutuko ez lukeen auzo bat ezagutu zuela nabarmendu du, “bazkaldu nuen familiarekin harremana egin genuen eta mantentzen dugu, dena eman ziguten. Ilusio handia zuten bazkariarekin, bazirudien urte zaharra ospatzen ari ginela. oso polita izan zen”. Ezagutza, hori dela klabea dio, “aurreiritziak apurtzeko ezagutu egin behar da, etxeetan sartu, besteen buruan sartu, pertsonalean. Ateak zabaldu behar ditugu eta baita burua ere”.
Atzerritik heldutakoentzat, garrantzitsua
Halako iniziatiben garrantza nabarmendu du Talamosik. Beretzat zein bere seme-alabentzat izugarrizko garrantzia izan duela dio, “jendea ezagutzen lagundu digu eta harremanak eraikitzen. oso garrantzitsua izan da eta oso pozik nago esperientziarekin, aurten ere errepikatuko dugu garrantzitsua delako guretzat. Esperientzia oso ona izan da, eta tristura kentzen ere laguntzen duena”. Esker hitzak baino ez ditu izan Talamosik, iniziatibarentzat zein SOS Arrazakeriarentzat. Kongotik seme-alabekin heldu zenetik, elkarteak, laguntza izugarria eman diolako. Oraindik orain hainbat jarrera arrazista ematen direla esan du, “Gutxi dira, baina ematen dira. Behin semeak esan zidan gelakide batek ez ziola eskua eman nahi zikina zegoelako. Bere azalaren koloreagatik da hori”. Talamosik halako irainei kasurik ez egiteko eskatzen omen dio semeari, gatazketan ez sartzeko “mintzen bagaitu ere, azken batean, askoz ere gehiago dira gelan maite duten ikaskideak iraintzen dutenak baino”.
Gizartean eta etxean ikusitakoak direla esan du Carrerek, eta horren harira arrazakeriaren kontra lan egiteko ezagutza oinarrizkoa dela esan du.
Rubiok lehenengoz egin du bat iniziatibarekin, eta desiratzen dago beste familia batekin mahaiaren bueltan eseri eta bazkaltzeko. Arrazakeriaz mintzatu da abeslaria ere: “Badirudi Errenterian ez dela existitzen halakorik, baina lagun batekin nindoala, marokoarra da eta zapia zeraman, gizon arrazista batekin arazoa izan genuen. Egun argiz izan zen”.
Laurek herritar guztiak deitu dituzte iniziatibarekin bat egitera: “Beste pertsona, kultura edo errealitateak ezagutzeko gogoa duen edonork har dezake parte, gonbidatu, gonbidatzaile nahiz dinamizatzaile moduan”. Izan ere, bazkari bakoitzeko dinamizatzaile bat izaten da. Azken horiei formazioa emango die SOS Arrazakeriak, “atzerriko pertsonen zurrumurruen gaineko formazioa emango diegu, estereotipoen gainekoa gero bazkarietan gaiaz hitz egin dezaten”.