Pasaiako udal liburutegiek 54. Gabonetako Marrazki Lehiaketa antolatuko dute.
Iaz saritutakoen talde argazkia, Antxoko liburutegian.
Pasaiako udal liburutegiek Gabonetako Marrazki Lehiaketa antolatuko dute. Aurtengoa 54. aldia izango da. Ostegunean (Azaroak 2) hasiko da marrazkiak aurkezteko epea eta hil bereko 17an bukatuko da.
4 eta 14 urte arteko haur pasaitarrek har dezakete parte lehiaketan baita Pasaiako ikastetxeetan ikasten duten beste herrietako haurrek ere. Pasaia-Lezo Lizeoa, Anunciata eta Karmengo Ama ikastetxeetan ikasten duten haurrek bertan egingo dituzte marrazkiak. Ikastetxe horietan ikasten ez duten haur pasaitarrek Antxo, San Pedro eta Trintxerpeko liburutegietan jaso ditzakete dagoeneko lehiaketako laminak eta 17a baino lehen aurkeztu beharko dituzte liburutegietan.
Lehiaketaren gaia Gabonak dira. Epaimahaia azaroaren 22an bilduko da irabazleak hautatzeko eta horien izenak hurrengo egunean jakinaraziko dituzte.
Epaimahaia lau artistek osatuko dute: Juan Antonio Garcia Marcos, Jose Mensuro, Marisa Prego eta Izaro Mariezkurrena, azken biak aurten lehiaketa iragartzen duen kartelaren egileak.
Sari banaketa abenduaren 14an izango da, Antxoko liburutegian, 18:30ean.