Gobernu taldeak "herritarrekiko erakutsitako errespetu falta" salatu du EH Bilduk
Donibaneko saneamenduari buruzko mozioa garaiz erregistratu arren, ohiko plenoa ez dutelako deitu kexu agertu da koalizio abertzalea.
Urriko ohiko plenoa ez dutelako deitu kexu da Pasaiako EH Bildu.
Kexu agertu da Pasaiako EH Bildu, gobernu taldeak aurrez jakinarazi gabe ez duelako deitu urriko ohiko plenoa. Donibaneko zenbait kultur eta gizarte eragilek, Eguzki Talde Ekologistarekin batera, barrutiko saneamenduari buruzko mozio bat erregistratu zuten duela egun batzuk, gaia urriko plenoan eztabaida zedin, baina gobernu taldeak ez du urrian ohiko plenorik deitu eta erabakia larria iruditzen zaio Pasaiako EH Bilduri. “Oposizioarekiko erakusten duen errespetu faltarekin ohituta gaude; baina ezin gara isilik geratu herritarrekiko erakutsi duten azken errespetu faltaren aurrean”, gaitzetsi dute.
Ez ohiko plenoa deitu zuen gobernu taldeak urriaren 20an, koalizio abertzaleak azaldu zuenez, “aldundiak hala eskatuta”. Eskaera herritarrena denean berdin ez jokatzea salatu du EH Bilduk: “Pasai Donibaneko hainbat elkarteren eskaera bat mahai gainean dagoenean, ez, orduan berez deitu behar zen ohiko plenoa ez da deitu” kexatu dira, eta herritarren eskaera ez tratatzeaz gain, gobernuaren kontrolari ihes egin diotela salatu dute. Halako erabakiekin “demokrazia 2×0” egiten dihardutela gaineratu dute.