AsteBatZuk iniziatiba egingo dute Lau Hazietarak, euskaltegiek, ikastetxeek eta udalak elkarlanean hilaren 27tik abenduaren 3ra bitartean.
Ikastetxe,euskaltegi, Lau Haizetara eta udal ordezkariak gaurko agerraldian.
Arnasguneak, euskaraz mintzatu, euskara entzun, euskaraz bizitzeko eremuak irabazi nahi dituzte. Urratsak egiten ari dira horretarako, eta euskararen aterkia zabaltzen, ahalik eta jende gehien hartzeko azpian. Erronka handiago baten hasiera aurkeztu dute gaur Errenteriako Udalak, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak, Xenpelar AEKk, Udal Euskaltegiak eta Errenteriako ikastetxeek AsteBatZuk iniziatibaren bigarren aldia.
Joan den apirilean antolatu zuen lehenengoz Lau Haizetarak eta zazpi hilabete beranduago errepikatuko dute Euskararen Egunari begira. Helburua, astebetez euskaraz aritzea. Horretarako ahobiziak eta belarriprestak behar dituzte. Ahobiziak uneoro euskaraz arituko dira, konpromiso hori hartuko dute; belarriprestak, euskaraz ari den horren jarduna jarraitzeko konpromisoa hartuko dute, nahiz eta beraiek gazteleraz erantzun. Finean, hizkuntz ohiturei astindua ematera dator iniziatiba, euskara lehen lerroan jartzera.
Hilaren 27an abiatuta, abenduaren 3an, Euskararen Egunarekin batera amaituko da iniziatiba. Amaitu, Errenteria-Oreretan, azken horrek Oiartzuni emango baitio lekukoa beste astebetez esperientzia bera eskualdeko herrian gauzatzeko. Garazi Lopez Etxezarreta Hizkuntza Politika zinegotziak aurreratu duenez, “beroketa baino ez da izango hilaren 27tik abenduaren 3ra aarte egingo dugun AsteBatZuk iniziatiba. Eusko Jaurlarizta eta Euskaldunon Topaguneak erronka handiago baten partaide egin nahi gaituzte: Baietz 11 egun euskaraz euskararen herrian”. Hori datorren urtean helduko da, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte izango da eta errenteriarrak “prest aurkituko” dituztela gaineratu du.
AsteBatZuk iniziatiban parte hartzeko hilaren 15ean (asteazkena) zabalduko dute izena emateko epea eta Lau Haizetararen egoitza, udal euskaltegia, Xenpelar AEK, gazte bulegoa, udal Hizkuntza Politika departamendua eta parte hartuko duten ikastetxeetara jo daiteke.
Girotze lanetan asteko, egitarau hilaren 22an abiatuko dutela esan du Aitzol Perez de San Roman Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen koordinatzaileak. Horrela, hilaren 22 eta 23an gazteentzako literatur itzulpen tailer interesgarriak antolatu dituzte liburutegietan. Hilaren 22an Handia filma emango dute euskaltegietako ikasleei begira. Baga Biga saioak ere antolatu dituzte (hilaren 27 eta 28an) eta saio horietan Mikel Markezek eta Eñaut Elorrietak euskal musikaren historia kontatuko diete 13 urteko gazteei eta euskaltegietako ikasleei.
Mintzodromoa ere antolatu dute Mintzalaguna egitasmoan dabiltzanak, hilaren 30ean. Oarsoarrak sariak ere, egitarauaren barruan banatuko dira. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, K11:00etan hasita Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estalian kantujira, dantza ikuskizuna, Euskara 365 Egun iniziatiba aurkeztuko dute eta lekukoa Oiartzuni emango diote. Datozen egunetan egitarau zehatza aurkeztuko dutela jakinarazi dute.
Aurrera urratsak
Euskara bide handia egiten ari dela gaineratu du gaurko agerraldian Lopez Etxezarretak, “euskaldunok bide handia egiten ari gara”. Datuak eman ditu: “Euskaldunak azken 20 urteetan %50 izatetik, %65 izatera pasa gara, eta 20 urtez azpiko gazteen %100 da euskaldun. Horrek herriko euskaltzaleoi aurrera egiteko indarra ematen digu. gero eta gehiago gara”. Errenterian Euskararen Udal Ordenantza onartu zela 20 urte betetzen direla ekarri du gogora, “ez dugu ahaztu behar nondik gatozen, egindako aurrerakada izugarria izan da, eta hori gogorarazteko aldizkari bat zabaldu nahi dugu herrian”.
Hizkuntza txikien artean, euskararen bidea eredugarria izan dela erantsi du, “eta horrela ari gara jokatzen, herri asko ari dira guri begira, hamaika tokitako hizkuntza gutxituetako herritarrak guri begira daude egin dugun eta egin dezakegun ekarpena ikusteko zain”.