Bi hamarkada daramate Errenteriako Bizarain Ikastolako ikasleek boluntario lanak egiten Behobia-Donostia lasterketan. Lana suposatzen badie ere, asebetetzea handiagoa omen da.
Bizaraingo ikasleak postuan.
Ezinbestekoak dira korrikalariak Behobia-Donostia lasterketarako. Ezinezkoa litzateke haiek gabe, baina korrikalariekin batera, beste hainbeste lagunen lana ere ezinbestekoa da Behobia-Donostian dena ongi ateratzeko.
Boluntarioak dira horietako batzuk, eta horretaz asko dakite Errenteria-Oreretako Bizarain Ikastolako DBHko ikasleek. Oskar Ibarguren irakasle eta normalizazio arduradunaren eskutik heldu ziren lasterketan boluntario lanak egitera, eta dagoeneko bi hamarkada bete dituzte anoa postu bat muntatzen, lasterkariak animatzen, edatekoa ematen, eta behin lasterketa amaituta dena jasotzen eta txukuntzen.
Behobia-Donostia lasterketan boluntariotza lana gorputz hezkuntzako ekintza gisa hasi zutela esan du Ibargurenek: «Interesgarria zitzaigun korrika zebilen jende honi laguntzea, gure ikasleei balio horiek transmititzeko modu egokia zela iruditu zitzaigun. Denborak, gainera, erakutsi digu boluntario lanetan aritutako ikasle askok erabaki dutela parte hartzea lasterketan horretarako adina izan dutenean, korrika egiten hasi direla». Pozik dio azken hori Ibargurenek, argi duelako gorputz hezkuntzaren helburuetako bat dela ikasleei kirol eskaintza ezberdinak azaltzea, «gero, kirolean, batean edo bestean jarraitzeko».
Balio ugari lantzeko bidea
Ekintzaren bidez ikasleek balio pila lantzen dituztela zehaztu du Ibargurenek, «konpromisoa, modu boluntarioan lan egitea besteentzako, horrek oso ongi sentiarazten ditu eta horrela bizi dute, poz ikaragarriarekin».
Bizarainen ekintza mordoa lantzen dutela dio Ibargurenek, baina batek berak ere ez duela lortu ikasleen aldetik Behobia-Donostiak lortu duen atxikimendu mailarik, «hain ekintza arrakastatsurik ez dugu ikastetxean, eta pila bat antolatzen ditugu. Horrek erakusten du ikasleek gustura egiten dutela. Egia da aurreko urteetan parte hartutakoek berriei kontatzen dietela esperientzia, eta ahoz ahoko horrek ongi funtzionatzen duela dirudi».
Azken hogei urteetako errutina errepikatuko dute etzi Behobia-Donostiaren harira Bizaraingo ikasleek eta irakasleek. Ez beraiek bakarrik, ordea. Parte hartzeko ezinbesteko baldintza dute arduradun heldu bat eramatea beraiekin, aita, ama, osaba, izeba… Beraz, gurasoak edo inguruko senideak ere inplikatzen ditu ekintzak.
Guztiak 08:00etan bilduko dira Errenteriako Gamon Zumardian. Han izaten dira postuan azken urteetan, lasterketak ibilbidea aldatu zuenetik. Ikasle, guraso eta irakasle artean, 90 bat lagun ibiliko dira lanean bertan. Iritsita, anoa postua muntatu beharko dute, «lan dezentea dauka, ur depositu handi bat muntatu behar dugu, tomak egin, baldeak kokatu, mahaiak antolatu… Ura banatzen dute, besterik ez dute ematen».
Urteen poderioz, eta horrek emandako esperientziarekin, lana asko findu dutela dio Bizaraingo irakasleak. Banaketarekin, ordea, ez da lana bukatzen. Lasterketa amaituta, korrikalariek bide bazterrean utzitako edalontziak jaso eta eremu hori garbitu egin behar dute, «gaur egun mangerak erabiltzen ditugu eta lana askoz ere arinago doa, ordu erdi batean amaituta izaten dugu garbiketa lana».
Ikasleen konpromisoa handia dela dio, «igande goiz batean 08:00etan lanean hasi eta 14:00etan amaitzeko eskatzen ari gara, jai egun batean, eta halere DBH 4ko ikasleen gehiengoak hartzen du parte ekintza honetan. Laugarren mailakoekin aritzen gara».
Asebetetzea, atseginena
Zailena zer den galdetuta, erantzunik ez du Ibargurenek: «Gaur egun ez diot ikusten zailtasunik. Gorputz hezkuntza saioetan ematen dute izena, antolatzaileekin harremana erraza da, guraso eta ikasleekin bilera egiten dugu, ikasleek gogotsu hartzen dute parte eta asko laguntzen dute. Lana suposatzen du, baina ezagutzen dugu eta erraz egiten dugu». Ikasleen aurpegia ikustea eta asebete direla sumatzea omen da, berriz, atseginena, «laguntzen ongi sentitzen dira, animatzen. Gogoz aritzen dira lanean, eta guretzako hori da politena, barneratzen ari diren balore horiek guztiak eta ilusio hori».
Antolakuntzarentzat egiten duten lana garrantzitsua den zalantzarik ez du irakasleak: «Beraientzat oso garrantzitsua da egun horretan dena ongi ateratzea, baita zaila ere. Anoa postu ugari dago, eta gurea bezalako ikastetxe batekin, urte mordoa daramana lan hori egiten, esperientzia duena, funtzionatuko duen bermea dute».
Ikastetxeak ere egiten die aitortza ikasleei, lasterketan bertan, zein haren ostean. Ateratako argazkiak eskolan jartzen dituzte, «eskertzeko modu bat da, eta ikasleek gustura hartzen dute».
Euskarari, bere lekua
Beste hainbatekin batera, balioa eman dio euskarari Ibargurenek, eta lasterketaren egunean merezi duen tartea ematen saiatzen direla dio: «Erronka da guretzako egunerokoan, baita Behobia-Donostia lasterketa egunean ere, gurea eskola euskalduna dela erakustea, eta pankartak jartzen ditugu anoa postuan. Behin eta berriz eskatzen diegu ikasle eta gurasoei euskaraz egiteko, jakin badakigu ez dutela euskara erabiltzen eskolatik kanpo, kosta egiten zaiela, baina saiatu saiatzen gara, kirolean ere euskara dugulako helmuga».