Sentsazioekin, urduritasunarekin borrokatzea ez da erraza. Jon Elkano entrenatzaile pertsonal errenteriarrak presioari aurre egiteko aholkuak eman ditu.

Iazko Behobian, korrikalariak Gaintxurizketako gainera iristen.
Ilusioa. Hori da azken egunetan Behobia-Donostian aterako direnek duten sentsaziorik nabarmenena. Ilusio hori, ordea, kudeatzen jakin behar da, lasterketan kaltegarri izan ez dadin. Ilusioak emozioak dakartza, eta emozioak neurrian izatea eta horiek kontrolatzea komeni izaten da bizitzako arlo guztietan, baita kirolean ere. Buruak indar handia du sekulakoa. Gorputzean eragin ona izan dezala indar horrek.
Gainera, Behobia-Donostian izango diren gehienak herri lasterkariak dira, ez dute ohiturarik kirol probek sortzen dituzten zirrarak kontrolatzeko ahalegina egiten. Sentsazio asko nahasten dira lasterketaren aurreko egunetan, irteeran, eta lasterketan zehar.
Jon Elkano errenteriarra entrenatzaile pertsonala eta aldi berean korrikalaria da. Aurten ere Behobian izango da Lezoko?Bekoerrota kiroldegiko langilea (BPX Sport enpresak kudeatzen du kiroldegia). Herri korrikalarientzat eman duen aholku orokorra honakoa izan da: ahalik eta patxada handienarekin, lasaitasunez hartu behar da lasterketa.
Elkanok argitu duenez, lasterketan asko pentsatzea presio bihurtzen da lasterkarientzat, «ez gara eliteko korrikalariak. Presioa kendu egin behar dugu. Horretarako gauzak gure alde jarri behar ditugu». Korrikalariek jada entrenamenduetan egin beharrekoa egina dute, etxeko lanak bete dituzte, gaur eta bihar entrenatuz ez da deus ere hobetuko. «Ezin gara pentsatzen hasi gutxi entrenatu dela, ez garela helmugara iritsiko, ez eta batek edo besteak egin nahi duen denborarekin tematu hura irabazteko. Ez. Presio horrek neke psikologia ekar dezake, eta horrek fisikoan eragin».
Horri erantzunez, Elkanoren formula: negatibotasuna, baikortasun bihurtu; presioa kendu, finean. Baina nola? Batetik, gaur eta bihar ohiko gauzak, ohiturak, zereginak betetzea iradoki du entrenatzaile pertsonalak, «igandean lasterketarik egongo ez balitz bezala. Tira, zaila da lasterketa ahaztea, baina horri estrategia txikiak eginez ekin, lasterketa irudikatuz, gehienez, egunetan bitan. Oso maiz proban pentsatzen badugu, gaizki».
Estresari aurre egiteko beste aholku bat: lasterketan erabiliko diren guztiak —arropa, gelak, dortsala…— denboraz prest izan, hori ez dadila azken orduko buruhausteen zerrendan sartu. «Azkenik, larunbatean gomendatzen dut siestarik ez egitea, gauean nekatuta egoteko, eta lo erraz hartzeko, karrerari bueltarik eman gabe». Elkanoren estrategia biharko: «Irakurri, filme goxoren bat ikusi, menditik biratxoa eman…».
Lasterketa eguna
Etzi goizean, Irungo Behobia auzoa festa antzekoa izango da. Kirolariz jantzitako jendea erruz, musika altu, irrati esatari ezagunak orroka megafoniatik, pantaila erraldoiak, irteera puntuaren bila denak, urduritasuna… Elkanok maiz bizi izan ditu gisa horretako egoerak, Behobian ere: «Bihotza bero izan behar da, gogoz betea. Baina burua hotz. Bihotzaren taupadak igoko dira, baina burua beti bere tokian eduki. Lasterketa hastean, antsietatea badugu, nahi baino azkarrago hasiko gara. Eta hori ez da ona, karrera luzea da. Giroan sartu bai, baina eraginik ez dezala izan errendimenduan, nekea ez dadila behar baino lehenago iritsi».
Lasterketako lehen mugarri garrantzitsua Gaintxurizketako gaina da, 5. kilometrotik 7.era da igoera. Elkanok beldurrik ez, baina errespetua izan behar zaiola nabarmendu du, «ez dugu azkar-azkar igo behar, buruari buelta askorik eman gabe joan behar gara. Ez dugu pentsatu behar zenbat falta den igotzeko, baizik eta jada zenbat igo dugun. Hau da, aspektu positiboak nabarmendu behar dira, ideia negatiboak ezabatu. Beti baikor, buruak indar handia du eta».
Modu ezkorrean korri egitea kaltegarri izan badaiteke, baikorregi joatearekin kontuz. Hobeto da, bai, sentsazio onak izatea, «baina sentsazio on horiek ez dira erabili behar gorputzari eman dezakeena baino askoz gehiago eskatzeko. Unea bizi behar da, baina indarrak gorde. Gozatu momentuaz, ideia positiboak landu, erregularra izan, baina ez hustu».
Beheraldiaren aurrean
20 kilometro asko dira. Eta beheraldiak, une txarrak, gerta daitezke Behobia-Donostian. Horien aurrean, Elkanoren aholku sorta: batetik, presioa kendu behar dute korrikalariek, ordularia ahaztuz eta erritmoa jaitsiz. Bestetik, bukatzeko zenbat falta den baino, aurretik zenbat kilometro eginda dauden oroitzea gomendatzen du, «eta behin lasterketa bukatzean nola sentituko zaren pentsatu, nola ospatuko duzun gogoan izan, egiten duzuna baloratu, finean».
Burua lasai, eta bihotzaren taupadak behar direnak bakarrik. Positibo izan.