Herrien Astea heldu da hogeita hirugarrenez. Indartsu, elkartasunez betea eta helburu garbiarekin, harresiak desegin, eta harreman askatzaileak eraikitzea.
‘Harresiak desegin, harremanak eraiki’ leloa irudikatu zuten eskulturaren bidez iazko Herrien Astearen barruan.
Herrien Astea heldu da hogeita hirugarrenez. Indartsu, elkartasunez betea eta helburu garbiarekin, harresiak desegin, eta harreman askatzaileak eraikitzea. Egitarau zabala eta aberatsa hilaren 20tik 26ra Mikelazulo Kultur elkarteak antolatu duena eta lehenengoz, aldizkari bidez zabaldu duena: Herrien Astea Aldizkarian, zehazki. Azken horretan astearen egitaraua bildu dute antolatzaileek, baita Melilla, Alemania, Lampedusa zein Errenteria-Oreretatik heldutako kolaborazioak. Besteak beste, Asociacion Pro Derechos Humanos de Melilla elkarteko kide Jose Alonso Sanchez Melillako hesiaz mintzo da artikuluan eta horrek migratzaileengan duen eraginaz, eskubideez, edo hobe eanda, eskubide gabeziaz. Migrazioa eta logika militarraren gainean idatzi dute Lampedusako Coletivo Askavusakoek, eta aniztasunaz Hanburgotik Isa Marin Arrizabalaga errenteriarrak.
Joseba Barriolaren kolaborazioak zabaldu du aldizkaria. Mundua kartzela erraldoi bilakatu nahi dutela salatu du berak. Samira Goddi Mendizabalek ere egin du ekarpena, Kultur aniztasuneko, garapenerako lankidetzako eta giza eskubideetako Errenteriako Udaleko teknikaria, aniztasunaz, aurreiritziez eta haiek apurtzeko ezagutzaz ari da, eta horren gainean eta ikastetxean izandako esperientziaz idatzi dute ere Koldo Mitxelena ikastetxetik.
Ahalduntze tailerrak zabalduko du Herrien Astea hilaren 20an (astelehena), Labea antzerki eskolako kideei zuzenduta, ipuin kontalari japoniarra, haurrentzako antzerkia, dantza Maya ikuskizuna, kontzerta eta dokumental emanaldiarekin osatu dute astea. Horren barruan, gainera, Gasteizko Taldeak
Estas guerras son muy nuestras liburua aurkeztuko du. Munduko gerrak elikatzen dituzten eta horietaz aberasten direnen artean izen abizen euskaldunak dituzten “merkatariak” badirela dio liburuak. Harago, Euskal Herriko ekoizpen militarraren hiru laurden Saudi Arabia, Turkia, Israel eta Egiptora esportatzen da liburuaren egileen arabera.
Egitaraua
- Hilak 20, astelehena: Ahalduntze tailerra Labea antzerki eskolako kideentzat. Parte hartzaileek bi pilota eta koltxoneta edo estalki bat eraman behar dute. Xenpelar Etxean 19:00etatik 21:00era.
- Hilak 21, asteartea: Ahalduntze tailer irekia. Parte hartzaileek bi pilota eta koltxoneta edo estalki bat eraman behar dute. Xenpelar Etxean 19:00etatik 21:30era.
- Hilak 22, asteazkena: Yoshi Hioki, ipuin kontalari japoniarra Koldo Mitxelena ikastetxeko haurrentzat, 11:00etan Mikelazulo elkartean. Arratsaldean, 19:30ean hasita saio irekia Arkaitza Tabernan.
- Hilak 23, osteguna: Estas guerras son muy nuestras liburuaren aurkezpena, Mikelazulo elkartean 19:30ean.
- Hilak 24, ostirala: Djabu Panpin Laborategiaren Linbo Planeta, haurrentzako antzerkia. 18:00etan Niessen aretoan. bestalde, Hunab Ku Dantza ikuskizuna egingo dute Kuadrillategiko gazteentzat.
- Hilak 25, larunbata: Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Mounqup musikariaren kontzertua Mikelazulon 20:30ean.
- Hilak 26, igandea: El sindrome del vinagre dokumentalaren emanaldia, Mikelazulo Kultur Elkartean, 19:00etan.