Lezoko irisgarritasuna hobetzea da udal gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proiektuaren helburu nagusia. Inbertsio nagusiak horri begira egingo ditu
Aurrekontu proiektua aurkeztu du udalak.
Lezoko irisgarritasuna hobetzea da udal gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proiektuaren helburu nagusia. Inbertsio nagusiak horri begira egingo ditu, kaleak berritzera horiek irisgarriago egiteko. Enplegua, kultura eta zahartze aktiboa sustatzeko diru lerroak mantenduko ditu, bestalde, baita herritarren ongizate eta gizarte beharrei erantzutera zuzendutakoak ere.
8.400.000 euroko aurrekontua izango du Lezok 2018an eta diru sarrera eta gastuen arteko oreka mantentzen duela esan du Jesus Martiarena alkateak. Hondakin bilketa sistema aldaketarekin udalak 200.000 euro inguru aurreztuko ditu Martiarenaren esanetan, “aurreztutako diru horren zati bat kale garbiketa zerbitzua hobetzera bideratuko da. Joa den urtean baino diru gehiago inbertituko da zerbitzu horretan eta horri esker, Lezok kale garbiketarako langile gehiago izango ditu eta zerbitzu hobea eta kalitate gehiagokoa jasoko du trukean”. Aurreko urteko kopuruarekin alderatuta, kale garbiketa eta hondakinen bilketa batuta, aurten 39.000 euro garbi aurreztuko dituela udalak erantsi du Martiarenak. Inbertsio nagusiak oinezko bideen eta herriko kale eta espaloiak egokitzera bideratuko ditu udalak aurrekontu proiektuaren arabera, eta horren barruan, oinezkoen pasabideak altueran jartzea lehenetsi du. Elias Salaberria kalea eraberrituko du halaber.
Atal berean, udal eraikin nagusietan sarraila elektronikoak jartzeko proiektua aurreikusi du, musika eskolako fatxada hobetzekoa, edo Jaizkibel hiribidean radarra jartzekoa.
Irisgarritasuna helburu nagusia izango du aurrekontu proiektuak, baino ez bakarra gobernu taldearen hitzetan. Gizarte programa, zerbitzu eta laguntzei lotutako ditu lerroa mantenduko dute horren harira, baita jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko Oarsoaldea Garapen Agentziarekin abiatutako proiektuak. Zahartze aktiboa sustatzea duten ekintzak ere mantenduko ditu, Tipi Topa eta kirol orientazio zerbitzuak, zehazki. Horrekin batera, adinekoek kirol praktika dezaten udalak makinak jarriko dituela kalean jakinarazi dute, eta Altamira eta landa auzoetako bizilagunentzako garraio zerbitzua mantenduko dutela.
Kulturari dagokionean, kultur sailari, herriko jaiei, eta Andreone Liburutegiari lotutako aurrekontu lerroak handitu ditu, eta Kale Nagusian kokatuko den kultur ekipamendurako lokal berria egokitzeko aurrekontu lerroa jaso du ere.