Aieteko Musika Eskolako gitarra ikasleek emanaldia egingo dute larunbatean (hilak 18) Madalena Basilikan.
Gaurko agerraldian izan da Carmen Becerra.
Aieteko Musika Eskolako gitarra ikasleek emanaldia egingo dute larunbatean (hilak 18) Madalena Basilikan. Bakarka arituko dira, baita taldeka ere 7 eta 14 urte arteko gazteak, batzuk eskarmentua dutenak, eta besteak hasi berriak. Carmen Becerra irakasleak gidatuko ditu. Gaur aurkeztu dute emanaldia Maria Magdalenaren Lagunak elkarteko kideek. Eskertuta azaldu dira Aiete Musika Eskolarekin Jose Luis Insaustik zehaztu duenez, halako kontzertu bat eskolatik kanpo emango duten lehen aldia izango da.
Garrantzitsua dela halako emanaldietan parte hartzea ikasleentzat esan du Becerrak, “jendaurrean aritzeak urduri jartzen ditu, baita motibatu ere, eta azken hori oso garrantzitsua da”. Gitarra jotzaile ezaguna da Becerra, eta Espainiako Estatuan zein nazioartean hainbat sari eskuratu ditu. Larunbatekoa saio polita izango dela ikasleentzat zein ikusleentzat gaineratu du, “ikasleei aukera ematen die eskolan eta etxean lau pareten artean egiten dutena beste agertokira eramateko, jendearekin partekatzeko”. Horren harira, herritar guztiak animatu ditu bertaratzera. 20:00etan hasiko da entzunaldia eta doakoa da.
Insaustik bestalde, eskerrak eman dizkie Madalenaren Basilikan konponketak egiteko ekarpen ekonomiko anonimoak egiten dituzten familiei, “laguntza handia da guretzako”.