Txapelketan murgilduta
Jon eta Alaia Martin Etxebeste neba-arrebak Bertsolaritza Txapelketa Nagusian parte hartzen ari dira
Jon Martin: «Bidea helburu bihurtu nahi nuen»Laugarren txapelketa dut, eta aurrekoetan lehenengo hemezortzien artean sailkatu naiz. Bakoitzak jartzen duen mailaren araberakoa da. Bertsolaritza bat-bateko jarduna da, eta egunak beti ez dira berdinak. Eguna iritsi zenean, nahiko kontrolpean izan nuen saioa, baina kontrolpean izateko saio bat, esan nahi du laneko buzoa jantzita eduki duzula. Kalkulatzen ari zara zuk zer egin duzun, besteek zer egin duten, eta horren arabera neurtzen duzu. Saioa oso ongi hasi nuen; edonork sinatuko lukeen zortziko txiki, zortziko handi eta puntu erantzunekin. Hamarreko txikian eta kartzelan maila jaitsi nuen. Ez nuen bidea asmatu kartzelakoan, eta gainera poto bat egin nuen. Saio bukaeran geratzen zaizun sentsazioa okerragoa da. Tentsio akumulatua askatu nuen, eta balorazio hori bera hiru egunetara egingo bagenu, bestelakoa izango litzateke. Txapelketa emozioen kudeaketa ere bada. Saioan kudeatzea gauza bat da, eta beste bat puntuazioak jaso, eta gorputzak egiten duen plof horretan egindako balorazioa eman. Beti brillatu nahi duzu, baina ezin denean, lan egin behar da, eta uste dut horretan asmatu nuela. Alaia: Baigorri izan zen txapelketako lehenengo saioa, eta gainera nire lehenengo final laurdena. Hasierako tentsio hori, zinta moztu beharraren hori. Hilabete pasatu nuen urduri. Saioak iraun zuen bitartean, eroso sentitu nintzen, eta agian inoiz ere ez ez dut hain kontrolpean izan. Ez nuen izugarri disfrutatu, ongi pasatzearen aldetik. Badaude momentuak ongi pasatzen dituzunak, jario batean zaudenak. Ez nuen hori sentitu, baina erreflexu eta tenplez ongi sentitu nintzen. Oreka mantentzea lortu nuen. Pena geratu zitzaidan niretik gehiago eman nahi nuelako: ideologikoki egindako lanketa gai batzuetan transbertsalki azaldu nahi nuen, baina ez nuen aukera aurkitu. Niri gehien gustatzen zaidan esparruetako bat da umorea. Umorea egon, egon zen, baina ez nik maite dudan bide horretatik. Umore arrazionalagoa izan zen, eta hurrengo saiora askeago joateko gogoarekin geratu nintzen. Nire buruari agindu nion koleta askatuta joango nintzela. Eta finalerdiko joaneko saioan? Jon: Finalerdian aurreko saioaren kontrako sentsazioa izan nuen. Zenbait ariketatan nire topetik gertu ibili nintzen. Errima mimatuz, gustatzen zaidan tematika landuz —erizaintza eta eskubide sindikalak—… Azkenekoa biribila egin nuela uste dut. Aurretik, gainera, nire kamisetaren kolorea [arrosa] aipatzen zuen bertso bati erantzun nion. Horrek ereina zuen subkontzientean, eta homosexualitatearen gaia publikoak estimatu zuen modu batean landu nuen. Horrekin gustura geratu nintzen, eta gainontzeko lanetan nahiko gustura. Puntu-erantzunetan dut arantza, ez nengoelako kontzentratuta edo. Batez ere, ez nuen segurtasunik erakutsi. Bertso batzuk onak izan ziren, nahiz eta ez ziruditen. Saioa modu ezberdinean hasi nuen. Igor Elortza eta Sustrai Colina hor egonda, argi nuen beraiek zirela faboritoak. Ez nuen aurrekoan nuen motxila, eta horrek gozatzen uzten dizu. Uste dut asmatu nuela taldea sortzen, nire lana kartzelan jendeari animoak ematen. Hori izan zen bertsolari gehienak sailkarazi dituenak. Oso kontentu bukatu nuen, nire gertuko gaiak direnei kantatu ahal izan nielako. Batzuetan gertatzen da lanketa handi batetik zatozela, eta erlezaina izatea tokatzen zaizula. Kristoren txistea egin dezakezu, baina zure ideologiatik ezin duzu ezer ere ez erakutsi. Maskulinitate berriei buruzko gogoeta bat egin nahi nuen txapelketan, eta uste dut horretan asmatu dudala. Batzuetan lantzen duzu, eta ez da ateratzen. Txapelketa hau markatuko duen gaia feminismoa da, eta feminismotik iritsi nintzen ni maskulinitate berrietara. Gainera, Miren Amurizak gogoratuta egin daitekeela; egin daitekeela edozein gai hartu eta abordatu, eta zure bidetik eramatea. Landu dituzun gauzak ateratzen direnean, poztu egiten zara. Alaia: Irungo saioan, Baigorrikoaren alderantzizkoa pasatu zitzaidan. Gorputzaldiari garrantzia ematen diot, eta aurreko egunetan nahiko lasai sumatu nuen nire burua. Eta, aldiz, saioaren egunean eta bezperan, nahiko urduri. Alde batetik, poztu nintzen, tentsio pixka bat behar nuelako. Urduri nengoen, eta lehenengo ariketan pixka bat lurra hartzen aritu nintzela nabaritu nuen. Ez nintzen bereziki gustura geratu zortziko handiarekin. Txikiarekin bai, eta hurrengo ariketetan pozik geratu nintzen, hain zuzen, egitea gustuko ditudan gauzak egin nituelako. Detaileak, txispak eta abar uzteak asebetetzen nau, eta aldarteak kontrajartzeak ere bai. Umorea eta drama oso gertu daude gure bizitzan, eta bertsotan ere ikusten dugu, eta hori erakustea ere gustuko dut. Pozik bukatu nuen azkeneko hiru ariketekin.
Alaia Martin: «Argiak eta ilunak izan ditut»Irungo saioaren ondoren, digestio pixka bat behar izan dut. Hobetu beharrekoak detektatzen, eta mantendu nahi ditudanak, indar gehiagoz mantentzeko asmoz, eta horiek ere hobetzeko ideiarekin. Emaitza ezberdineko bi saio izan ziren Baigorri eta Irun. Orduan, oso kontziente nintzen argiak eta ilunak nituela bi saioetan. Lanketa asko aipatzen ari zarete. Saio gutxi dira, berez, txapelketan. Zenbat denbora landu behar da? Jon: Jendeak pentsatzen du bertsolaritza, inprobisatua izanagatik lanketarik behar ez duen jarduera bat dela. Hain zuzen, inprobisatua delako, behar du lanketa handia. Inprobisatua delako, tablak behar dituzu, edozein gairen aurrean erantzuteko prest egon behar duzulako. Apirilean hasi ginen prestatzen. Lehenengo dago, esan genezakeena, korrikalari batek forma fisikoa errekuperatu edo lantzekoa. Harrapatzen den momentuan, gaiei buruz dugun ikuspuntua berrikusteko momentua iristen da. Esaten duzuen “ideologia” hori… Jon: Bai. Gerta liteke —Alaia eta biok garen moduan— kirolzale ez izatea. Baina agian esaten digute “Jokin Altuna zara” eta arazo bat daukagu, ez dugulako interesik. Hitz jokoak eta horrela egin beharko genituzke, baina jakin behar dugu Lau eta erdiko finalean dagoela. Gero ez dut erretenituko. Gaurkotasuna kazetari baten moduan jarraitzen dugula esan daiteke. Automatikoki urtean zehar egiten ditugun gauza asko konkretuan jartzen ditugu, errepikatzen diren probak eginez. Hori dena landu behar da, gero automatikoki ateratzeko. Mikrofonoaren aurrean ez daukazu pentsatzeko denbora handirik, metrika, errimak eta abar neurtu behar dituzulako. Orduan, dituzun milisegundo horietan behar dituzu automatizatua eduki behar duzu, denborarik ez xahutzeko. Bertso eskoletan gomendioak eta zuzenketak egiten ditugu, alde ona eta txarra dutenak. Ikusten baduzu pertsona bat behin eta berriz akats bera egiten, eta esaten badiozu, agian berak esango dizu nahita egiten ari dela, era kontzientean. Ander Lizarraldek oiartzueraz kantatzea erabakitzen duenean bezala. Jakin behar duzu epaileek horregatik egurra ematea momentu batean… edo ez. Norberak hartutako erabakiak dira. Alaia: Prestaketa horretan, nik koadernoak erosten ditut, errimak apuntatzeko. Ordenagailuan idazten hasi nintzen gazte nintzenean, baina ez da gauza bera, gero galdu eta abar egiten baitituzu. Txapelketako oroigarri bihurtzen dira koaderno horiek, eta segurtasunik gabe zaudenean, erabilgarriak dira. Nik ez nuen errodaje beharrik sentitzen, bertso saio dezenterekin nenbilelako. Beraz, ez nuen ikusten premia handirik nuenik. Ekidin nahi nituen inertzia batzuk, eta plazak batzuetan eramaten zaitu bertsozale ez diren eremu batean azkar kantatzera; abiadurari mamiari baino garrantzi handiagoa ematen diozu. Umorea ere kalkulatu behar duzu, entzulearen arabera. Nik biluzte lan bat egin nahi nuen, kanpo faktore horiek kenduta. Nire bertsokera ideala bilatzen nuen; garbi nuen zein zen nire iparra. Gauza bat da gero horra iristea, edo estrategiagatik, saioan beste bide bat hartzea. Lanketa hor egin dut. Gustuko ez ditudan gai horiek kaxoitik atera ditut. Biluzte lan desberdin bat izan da. Orain kirolen atala irakurtzen hasi naiz. Hori bai, pasa den abenduan utzi nion iritzi artikuluak irakurtzeari. Askotan, hezkuntzan gertatzen zaiguna, guk bilatu ordez, deskubritu ordez, edo argudioak sortu ordez, murtxikatuta ematen zaizkigu iritziak. Egunkari batek ikuspegi ba ematen dizu, eta beste batek beste bat. Konturatu nintzen oso erosoa zela, eta edozein bertso saioren aurretik hori irakurtzeak ematen zizula nolabaiteko ziurtasun bat, ideiak pilatuta edukitzeko. Nik nire ideiak bilatu nahi nituen, eta kontsumo eta irakurketa azkarreko sistema hori baino, nahiago nuela nik nire erara hausnarketa motel bat egitea. Desmuntatze ariketa bat izan da. Baigorrin gertatu zitzaidan horretatik gutxi egin nuela, eta erreflexuetara jo behar izan nuela, gaikerak beste aterik ez dizulako zabaltzen. Lana egin dudala badakit, eta helburua zen desikastea eta gauzak berriro ikastea. Larunbatean Errenteria-Oreretan abestu zenuen, Alaia. Txapelketak irauten duen artean, saio horiek egiteak zerk suposatzen du? Tentsioa mantentzeko, askatzeko edo minitxapelketa bat da? Alaia: Bakoitzak bere modura bizitzen du hori, egoeraren edo animoaren arabera. Izugarrizko saio bat egitetik bazatoz, arinago ibil zaitezke, edo beste sentsazio batzuk eduki ditzakezu. Oso baliagarriak dira, batez ere, ikusteko bertsoak gozamena direla, eta baliagarriak. Oso saio polita atera zen, eta momentuko tentsio hori oinarri hartuta, tentsioaren ohe elastiko horretan salto egiteko. Jon: Nire saioek ikuskizun bokazioa dute, eta ez da luzitzeko bokazio berbera izaten. Txapelketak irauten dituen bizpahiru hilabete horiek —gehi lanketaren beste sei horiek— energia xahutze handia dira? Jon: Kristorena. Energia eta osasun xahutze bat, eta haserrekortasun iturria da. Berez, ez dit konpentsatzen txapelketan parte hartzeak. Prestatzen pasatzen dudan denbora hori nahiago diot beste gauza batzuei eskaini. Baina txapelketan parte hartzen badut, denbora hori eskaini behar diot. Ez zait ongi iruditzen txapelketara sailkatu naizelako, bertan kantatzea, prestatu gabe. Badakit badagoela nire atzetik jendea ilusio eta gogo handiarekin abestuko lukeena. Nire buruari eta besteei zor diet maila onenean aurkeztea. Modu serioan planteatzen dut parte hartzea ala ez, eta erantzuna izaten da hau gustura egiten dudala, eta ez dudala gisa honetako txapelketetara aurkeztu nahi. Urtero izango balitz, ongi datorkizun urtean parte har dezakezu; gauzak gaizki ateraz gero, hurrengo urtean atera dezakezu arantza… Maiztasun aldetik, hori. Iruditzen zait jendeak gehiegi lotzen dituela bertsolaritza eta txapelketa. Eta ez da hori: desbirtuatu egiten da, eta hiperkritikotasuna azaleratzen da. Plaza batean edozein txorradarekin gozatzen ikusten duzun ikusle hori, gero esaten dizu “ez da sinesgarria” eta horrelakoak. Bakoitzak nahi duena egin dezala, baina iruditzen zait jendeak gehiago gozatzen duela bertso saio normaletan, eta bertsolariek ere bai. Ikusi besterik ez dago zein aurpegirekin igotzen garen txapelketetan… Txapelketak, nire ustez, galdu du promozio bide izateko bideetako bat. Fasez fase publikoa esponentzialki igotzen doa, eta publiko berria erakartzen da normalean finalean. Finala aldaketarik ez dagoen fase bakarra da. Piramidearen beheko aldea ikustean, azken hamasei urteetan asko aldatu da, eta belaunaldi aldaketa oso interesgarri bat egon da: tematikoki, emakumeen presentzia ikaragarri igo da… Piramidean gora joan ahala, gauzak gutxi aldatzen dira. Hori bai, goiko alde hori ikaragarri ona da, eta oso ongi ordezkatuak gaude.
Jon Martin: «Batzuetan, txistea egin dezakezu, baina zure ideologiatik ezin duzu erakutsi»Nik, sekulako txapelketa egingo banu, plaza gutxi irabaziko nituzkeela jakitun naiz. Konpentsatzen du? Nik helburua bidean jarri dut. Oso ongi pasatu dut bertso eskoletan, eta nire mailaren igoera datozen urtetan baliatuko dut. Ez da hainbeste emaitzei begirakoa. Zuk sakoneko kristoren lana egin ondoren, jendeak azaleko gauzak esaten dizkizu. “Animo, laugarren gelditu zinela Bastidan”. Eta zu esaten ari zarela oso ongi aritu zinela, eta hamargarren kokatu ninduela sailkapenean. Guk bizi dugu icebergaren punta; jendea goiko koskarekin geratzen da. Alaia: Nire helburua, hasieratik, txapelketa on bat egitea izan da. Kontziente naiz urtetik urtera hobeto prestatu ditudala txapelketak, baina hurrengo urtean sumatzen nuen. Uste dut datorren urtean ere igarriko dudala egin dudan lana, sinesten dudalako lanean, saiakeran eta intentzioan. Urte honi esker, gauzak argiago ikusten ditut. Txapelketa batek burua makurrarazten dizu, eta barrura begiratzea ahalbidetzen dizu. Alde horretatik, oso baliagarria da. Beste alde batetik, bertsolaria naiz, eta asteburuetan bertso saioak izaten ditut. Zerbaitekin konturatu banaiz, hori da bertsolari izan nahi dudala. Uste dut txapelketa gehienetan parte hartu behar dela, garrantzitsua dela. Batez ere, hori noizbait bukatu behar baldin bada, sentitu nahi dut hori bukatu ez dadin ahal nuen guztia egin dudala. Tartean, lana bakarrik ez, agian txapelketa badago, erronka hori badago, eta jendearen aurrean nagoen aurretik, ahalik eta hobea izateko egunez egun. Garaiz garai estutu nahi dut, eta ez eroso eta lasai gelditu daukadanarekin. Uste dut txapelketak, zentzu horretan, estutze hori gogorarazteko aukera bat direla. Kinielei dagokienez, nola ikusten duzue zuen burua? Nortzuk dira faboritoak? Jon: Nire burua ongi ikusten dut, eta bertso eskolak bermatu du maila onean jardutea. Nire emaitzak, baina, asko aldatzen dira tokatzen zaidan gaiaren arabera. Gaia baldin bada nik zerbait esateko daukadan zerbait, nire argumentazioak asko irabazten du. Eliteko bertsolariak bereizten dituena hori da: gai txar batekin ere brillatzen jakitea. Gaiaren eta bertsokidearen arabera asko aldatzen da. Puntuka, bertsokideak zure kalitateak adina balio du. Kinielei dagokienez, Ametsez [Arzallus] gain, gainontzeko seiak nahiko definituak daude, Beñat Gaztelumendira arte. Beste bat balitz, beno, ez nuke esango, baina Beñat izanda… konbentzituta nago beste hainbeste egingo duela, eta berak beste eginda ere, ez nintzateke sailkatuko, nik ezin baitut pasa, ez beste inork. Agin [Laburuk] duen postua dago hor. Oso zaila da gainditzen, hogei puntuko aldea baitago. Karanbola eman beharko litzake, bi norantzan. Gu igotzea, eta bera jaistea. Hala ere, Agin oso oso sendo ikusten dut. Jon Maia edo Miren Amuriza 700 puntuko saio bat egiteko gai ikusten ditut. Ez nuke inor deskartatuko, baina hogei puntuko aldea koltxoi polita da. BEC ez da nire helburua, baina paradoxikoki, posibleen izango den urtea izango da aurtengoa. Azkenean, nire bertsokera gustuko duen jende bat badago, eta beste bat batere gustuko ez duena. Saio on bat eginda, biengana iritsi eta errekonziliatzea izango litzake idealena —Bastidan hala egin nuen—, BECera iristea baino. Beno, ez, BECen egin dezakezulako [kar-kar]. Orainean gehiago ari naiz pentsatzen, etorkizunean baino. Alaia: Nire kasuan, Iruñean kantatzeko gogo handiarekin nago. Horixe nabarmenduko nuke. Bestelako indar bat sumatzen dut, eta horretarako gogoz nago. Ez naiz kiniela zalea. Nik uste mesede gutxi egiten diela kinieletan dauden izenei, baita agertzen ez direnei ere. Gertatu dadila egun horietan gertatu behar dena. Jaitsi gaitezen Oiartzunera. Bi neba-arrebak goi mailako bertsolariak zarete. Zer zuen zuen etxeko ura? Jon: Aitona eta amonak beti edaten zuten Karrikako iturri bateko ura, kloro tratamendurik gabeko iturriko ura. Igual iturri hark izango du sekretua… Alaia: Ama eta aita ez ditugu bereziki bertsozaleak. Ez dago misterio handirik, baina bai izan liteke hezten dituzunean seme-alabak, diren bezalakoak izaten uzten badiezu eta izateko eta esateko askatasuna ematen badiezu, errazagoa da pertsona sortzaileagoak ateratzea.
Alaia Martin:«Biluzte lan bat egin nahi nuen, kanpo faktoreak alde batera utzita»Jon: Ez ziguten bertsozaletasunik eman, baina familiak bertsotarako egokiak ziren osagai guztiak eman zizkigun. Alegia, aitona bat bagenuen bertsotan egiten zekiena, oso gaizki, baina bazekien. Badaukat nire poz txiki hori berarekin pare bat bertso kantatu izana. Esango nuke, beste aitonak, euskaraz ez dakienak, baduela izaera bertsolaria. Alaiak badu bere ukitu bat, umorea eta zirikatzailea. Ditxolari deitzen dioguna zen bera. Irakurzaletasuna sustatzeko ahalegin bat ere egon da. Ni ez nintzen kontziente haur nintzenean, baina orain ikusten dut. Ahaldundu gintuzten gure gustuetan. Biek asko-asko irakurri genuen, eta badugu hori. Orduan, gure gustu estetiko-poetiko hori sortu zen. Horrez gain, zortea dugu Oiartzunen jaio izana, oso herri bertsozalea delako eta azpiegitura hori martxan zegoelako. Martxan zegoen tren batera igo ginen. Nire belaunaldian lau izan ginen Gipuzkoako txapeldun. Ni naizen onena? Ez dut uste. Batzuek futbolaren bidea hartzen dute, bertsoa uzten dute bateragarria ez delako. Nik asmatu nuen pintura utzi nuenean. Edo auskalo… hartu ditugun erabakiak gara, baina baita hartu ez genituenak ere. Alaia: Gainera, irakasle onak izan ditugu: Karlos Aizpurua, Exteban Martiarena, Arkaitz Goikoetxea, nik Jon izan dut irakasle… Horrek lagundu duela ez dago zalantzarik. Bertsoa oso serio hartzen dute, eta asko maite dute. Hori transmititu digute. Zein esango zenukete dela bestearen bertutea? Jon: Esango nuke Alaia oso intuitiboa dela. Ikasle bezala ere eduki dut, eta garai hartan esaten nizkion zer egin edo zer ez egin. Denborak zerbait erakutsi baldin badit, intuizio ona daukaten pertsonei ez zaiela ezer ere ez esan behar. Intuitiboki etorriko zaio. Horrez gain, oso emankorra da, eta beti etortzen zaizkio hiruzpalau ideia, eta aukeratu egiten ditu. Bertsolariek normalean bat izaten dute, eta horri heltzen diote. Alaia: Joni buruz zerbait esatea zaila egiten da… Ibilbide oso luzean emaitza oso onak izan ditu. Pertsona oso mamitsu eta interesgarria da, eta beti zeresana duela. Hori da garrantzitsuena. Gero, maila tekniko handia dauka. Jende gutxik duen fintasun teknikoa dauka. Gainera, kazkagorra da hori mantentzeko ahaleginean, eta horrek laguntzen dio are gehiago estutzen. Atera zaidan hitza da justua dela. Emozioaren eta arrazoiaren arteko bide horretan, normalean tarteko karrila hartzen du, eta oreka hartzen du.