Errenteriako Udaleko Berdintasunaren Kontseiluak bat egin du mugimendu feministak azaroaren 25erako deitu duen manifestazioarekin.

Oreretan, indarkeriaren kontrako elkarretaratzea, zumardian
Azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira manifestazioa egingo du Oarsoaldeko Mugimendu Feministak. Horrekin bat egin du Errenteriako Udaleko Berdintasunaren Kontseiluak, eta herritar guztiak deitu ditu parte hartzera. Ez da hori izango A25aren inguruan antolatutako ekintza bakarra, hitzaldiak, erakusketa, tailerra eta zine foruma ere antolatu dute.
Orain hilabete 1936ko gerra eta oroimen historikoa ikertzeko iniziatiba abiatu zuen udalak. Garai hartan emakumeek pairatutakoari erreferentzia berezia egin nahi dio, eta gaiaren gaineko bi hitzaldi egin ditu. Horiei segida emango die hilaren 23an, osteguna, Berdintasunaren Kontseiluak antolatu duen Amagoia Gurrutxagaren
Gerra gauza alua da hitzaldiarekin. Merkatuzarren izango da 18:00etan, eta gerra garaian emakumeek jasandako eraso eta esperientziak kontatuko ditu: “Emakumeok beste era batera bizi ditugula biolentzia, jazarpenak eta errepresioa, jendarte patriarkal honetan beste paper bat ezarri digutelako”. Bizipen horiek ezagutzea historia idazteko eta ulertzeko ezinbestekoak direla gaineratu du eta horren harira, garai horiek bizi izan zituzten emakumeak ikerketan parte hartzera deitu ditu, “bizipen horiek gabe, memoria osatu gabe geldituko litzatekeelako”.
Berdintasunaren Kontseiluak herritarrak deitu ditu indarkeria matxistaren aurrean jarrera aktiboa izatera: “Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako jarrera adieraztera deitzen ditugu errenteriarrak, indarkeria adierazpen guztiak salatzera”.
Egitaraua
- Hilaren 17ik 24ra: Indarkeria sexista errefusatzeko ikasleek egindako lanak, maria de Lezo kalean.
- Hilak 22, asteazkena: DIY kamiseta tailerra merkatuzarren, 17:30ean.
- Hilak 23, osteguna: Gerra gauza alua da hitzaldia Amagoia Gurrutxagaren eskutik.
- Abenduak 1, ostirala: Indarkeria obstetrikoaren gaineko hitzaldia Eva Garciaren eskutik, Patxiku Zelai emakume elkartearen egoitzan, Tomas Lopez 6, 18:00etan.
- Abenduak 11, astelehena: Zine foruma, Volar dokumentala eta bi protagonistekin mahai ingurua ondoren.