Mural margoketa herrikoi musikatua, kotxe karabana, aldarrikapen ibiltaria, kontzertua eta manifestazioa antolatu ditu Oreretako Mugimendu Feministak.
Oreretako Mugimendu Feministak egitarau zabala prestatu du azaroaren 25ari begira. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, mural margoketa herrikoi musikatua, kotxe karabana, aldarrikapen ibiltaria, kontzertua eta manifestazioa antolatu dituzte.
Oreretako Mugimendu Feministak murala nahi du egin, kolektiboa, “guztion artean osatu”, eta marrazki lehiaketa antolatu zuten horretarako.
Irauli, bizi, borrokatu. Feminismoak askatuko gaitu leloa oinarri hartuta, marrazki koloretsu eta alaiak jaso dituzte. Horiek aurkezteko epea azaroaren 17an amaitu zen eta orain, ostiralean (hilak 24) irabazlea ezagutzeko aukera izango da Herriko plazan murala margotuko baitute marrazki irabazlea oinarri hartuta 17:00etan hasita. Musika ez da faltako, ezta luntxa ere.
Hilaren 25erako antolatu duten manifestazioa da indarkeria matxistaren aurkako egunaren barruko ekintza garrantzitsuena, ez bakarra ordea. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Herriko plazatik, eta Udaleko Berdintasunerako Kontseiluak bat egin du Oreretako Mugimendu Feministaren deialdiarekin. Aurretik kotxe karabana egingo dute, eta 10:00etan elkartuko dira horretarako Pontika auzoko aparkalekuan. Landare elkartean luntxa antolatu dute 11:00etan, eta ondoren aldarrikapen ibiltaria.
Arratsaldez, berriz, kontzertuaz gozatzeko aukera izango da Mikelazulo Kultur Elkartean, Herrien Astearen barruan Mounqup abeslari galiziarrak kontzertua eskainiko du 20:00etan hasita.