Oiartzun ibaiaren ingurumen leheneratze lanak hasi ditu URAk Fanderia-Lartzabalen.

Oiartzun ibaian ingurumen leheneratze lanak hasi dituzte.
Oiartzun ibaiaren ingurumen leheneratze lanak hasi ditu URAk Fanderia-Lartzabalen. Erribera basoa berreskuratuko da lan horiekin (haltzadi atlantikoa, lizarrak, hurritzak …) eta Fanderiako meandroaren ezker ertza finkatuko dute 300 metroan zehar gaur egun ematen den narriadura gelditzeko. Horretarako bioingeniaritza teknika ezberdinak erabiliko dituzte. Proiektuak, Eskualdeko Garapenerako Europako Funtsaren finantziazioa jaso du.
Uholde arrisku handiko eremu batean onurak ekarriko dituela proiektuak esan du Errenteriako Udalak, “eremu hori uholde arriskuaren ebaluazioan zehaztu zen eta lanok, etorkizunean, eremuan uholde arriskua murrizteko egingo diren beste egiturazko jarduera batzuen osagarri izango dira”.
Uraren Euskal Agentziak eta Errenteriako Udalak aurten sinatu duten lankidetza hitzarmenaren barruan kokatu dituzte lanak. Akordioaren bidez, Errenteria igarotzen duen ibaiaren hiri eremuetan pilatzen diren hondakin eta beste oztopo batzuk jasotzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuen udalak, azken urteetan egin duen moduan. URAk berriz, udalerria zeharkatzen duten ibaien ibilgu eta ertzetan ingurumena leheneratzeko hainbat jarduera egiteko konpromisoa.
Lanekin zuhaitzak berrituko dituzte, baina anfibioentzako hezegunea egingo dute halaber, baita espezie inbaditzaileak eta Fanderiako platanondoak kendu. Honako lanak, 2015eko abenduan Oiartzun ibaiaren habitata hobetzeko udalak abiatutako planaren barruan kokatu dituzte. Besteak beste, Fanderiako presa zaharraren arrapala, ur beltzen saneamendua eta uren kalitatearen hobekuntza, erribera basoaren leheneratzea, eta izokin arruntaren itzulera dira landutakoak orain arte.