Publifikazio prozesuen kudeaketa adosteko elkarrizketa mahaia sortzea adostu eta TAO eta Garabi zerbitzuak berriro ez pribatizatzea onartu du plenoak.
TAO eta Garabi zerbitzuak berriro ez pribatizatzea onartu zuen plenoak atzo.
Errenteriako Udalaren aurrekontu orokorrari hasierako onespena eman zion atzo plenoak. Gobernu taldea osatzen duten EH Bildu eta Errenteria Irabaziz alderdien aldeko botoarekin egin zuen aurrera proposamenak. PSE-EE eta EAJk abstentzioaren alde egin zuten. Kultura eta mugikortasuna, bi horiek dira gobernu taldeak 2018. urterako prestatu duen
aurrekontu proposamenaren apustu garrantzitsuenak. Datorren urteari begirakoak, helburuetan oinarritutako aurrekontuak izango dira lehen aldiz, eta 51.768.863 euroko proposamena da gobernu taldeak aurkeztu duena.
OTA zerbitzuko langileek mozioa aurkeztu zuten, bestalde, atzoko plenoan, TAO zerbitzua berriro pribatizatzekotan hartu beharreko konpromisoen gainekoa. PSE-EEk babestu zuen mozio hori, EAJk abstentzioaren alde egin zuen eta Errenteria Irabaziz eta EH Bilduk kontra bozkatu zuten. Azken bi alderdi horiek zerbitzuen publifikazioari buruzko mozioa aurkeztu zuten. Gobernu taldeak Politika Publikoetarako Oinarrizko Akordioa 2015-2019 agirian herritarren interesei erantzungo zien kalitatezko zerbitzu publikoak indartzeko “apustu irmoa”egina duela ekarri zuten gogora bi alderdiek, “bide hau jorratzen hasteak, azpikontratatuta zeuden zerbitzuak publifikatzea dakar. Eta mandatu horri erantzunez ekin zaio TAO eta Garabi zerbitzuen publifikazioari”.
Publifikazio prozesuen gaineko adostasunari lehentasuna eman diote EH Bilduk eta Errenteria Irabazizek, eta horren harira, ezinbestekotzat jo dute elkarrizketarako mahaia sortzea, “talde politiko zein sindikalekin publifikazio prozesuek bete beharreko oinarri komunak adostu ditzagun, beharrezko ikusten baitugu enpresa pribatuen eskutan dauden prestazio publikoen itzultzea. Une honetan kudeaketa publikorako espazioak irabaztearen alde egiten dugu, edota publifikazio hitza diskurtso antzu bilakatzen da, eslogan hutsa”. Horrenbetsez, mahaiaren sorreran indarrak jartzera deitu zuten, “ondoren etorriko diren publifikazio prozesuen eta berauen kudeaketa ereduen inguruan iritziak elkarbanatu eta adostasunak erdietsi ditzagun”.
Bi puntu proposatu zituen mozioan, Errenteriako Udalak herritarrentzat eskaintza hobea bermatuko duten zerbitzu publikoen aldeko apustua egitea, “ondorioz, oraintsu publifikatutako TAO eta Garabi zerbitzuak berriro ez pribatizatzeko konpromisoa hartzea”, batetik; eta eragile politiko eta sindikalekin elkarrizketarako mahaia sortu eta hurrengo publifikazio prozesuen egikaritze eta kudeaketaren inguruan adostasunak lortzeko apustua egitea.
Mozioak aurrera egin zuen EH Bildu eta Errenteria Irabaziz alderdien aldeko botoarekin eta PSE-EE eta EAJk abstentzioaren alde egin zuten.