Lizeoko ikasleak komertzioetan aritu dira euskararen aldeko kartelak jartzen; Karmengo Amako ikasleek Trintxerpeko frontoian ospatu dute Euskararen Eguna.

Lizeoko ikasleek komertzioetan kartelak jarri dituzte.
Euskararen Nazioarteko Eguna baliatzen dute urtero herriko ikastetxeek euskararen aldeko aldarria eskolatik kalera ateratzeko, eta aurten ere hala egin dute.
Pasaia-Lezo Lizeoko LHko eta DBH 1. zikloko ikasleen ordezkaritza zabala Pasaiako eta Lezoko kaleetan barrena ibili zen asteazkenean, euskararen aldeko txartelak jartzen herriko komertzioetan. Ikasleek propio landutako txartel bat da. Leloa LH-5eko ikasle batek asmatu du eta marrazkia, berriz, Batxilergoko ikasle batek egina.
Gaur, berriz, eraikin nagusian, Euskaraokearekin eta jolasekin ari dira Euskararen Eguna ospatzen. Barrutietako ikastoletan, aldiz, Argitxoren bisita jasoko dute.
Lizeoak euskararen egunari lotuta antolatu diren deialdi guztietan parte hartzera deitu du.
Karmengo Ama, frontoian
Karmengo Ama ikastetxeko ikasleek Trintxerpeko frontoian ari dira gaur Euskararen Eguna ospatzen. DBHko ikasleak iganderako koreografia entseatzeko baliatuko dute jaia.
Arratsaldean, berriz, eskolako txikienen txanda izango da. Askaria eta jolasak antolatuko dituzte HHkoen festarako.