Mikel Ugalde: "Euskaldun izateko helburua jarri nion nire buruari 20 urte nituela"
Sindikalismoan, antzerkigintzan, irakaskuntzan, kazetaritzan... Arlo askotan jardun du eta jarduten du Mikel Ugalde errenteriarrak. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak bere konpromisoa saritu du.
«Sindikalgintzan hasi ginenean, sindikatu bat zer zen ere ez genekien» «Esfortzu handia egin nuen hizkuntza nire barne-barneko arnasa izan zedin» «Lotsatia naiz, baina inauteriak nire buruarekiko erronka gisa hartu izan ditut»Idazteko zaletasunik zenuen, edo komunikatu beharrak eraman zintuen idaztera? Beti komunikazioaren eskabidearen arabera, komunikatu beharra beti sentitu dut, eta alderdi soziala eta abertzaletasuna uztarturik, bide hortatik. Gero, halako saio batzuk egin nituen antzerkigintzan. Herrian bagenuen Andoni Korta antzerkizalea, Koldo Mitxelenaren laguna. Kortak esaten zuen euskal gizartea alfabetatu gabe zegoela, eta erantzuna eman behar zitzaiola, eta bi bide genituela, bertsolaritza, eta gero antzerkia, biak idaztea eta irakurtzea eskatzen ez duten gauzak. Antzerki pare bat-edo idatzi nituen, sari bat ere jaso nuen —Toribio Altzaga saria, 1999an, Bake biltzarraren ildotik (Euskaltzaindia-BBK, 2000) lanagatik—. Baina testuinguru horretan, ez da barruak idaztea eskatzen zidala. Idatzi, eta ibili ere, antzeztu izan duzu. Ereintza taldeko zuzendari ere izan zinen. Bai [garrantzia kenduz], batez ere gizartegintzaren ikuspuntutik, 18-19 urte izango nituen, mutil-moko batzuk ginen. Hori ere ez genuen antzerkigintzagatik egiten, euskalgintzagatik baizik. Gero konturatu gara hura ez zela bide guztiz egokia, antzerkigintza euskaraz egiten bada hobe, baina antzerkigintza izan behar da. Baina fase horretan… Akaso garai hartatik datorkizu inauterietan mozorrotzeko eta emaztearekin muntatzen dituzun ikuskizunak muntatzeko zaletasuna. Bai, beno [burua jaitsi du]. Inauterietakoa oso kuriosoa da. Ni oso lotsatia naiz, beti mikrofonoan ibiltzea tokatu izan zait, baina ni kale bat non dagoen galdezka hasi baino, lehen buelta mordoa emango dut ez galdetzeagatik. Inauteriak nire buruarekiko erronka bezala hartu izan ditut. Umorea bai, badut, umorerik ez duen herriak ez du etorkizunik. Gainera, beti emakume izatea tokatu zait, batzuetan balleta izango zen, beste batean moto karrera, bestean zirku domadorea, pertxak saltzen, sumo borrokalaria… Emazteak aginduak ematen zizkidan eta nik obeditu egiten nuen, eta biak ateratzen ginen. Eta oso ondo pasatu dut. Oraindik mozorrotzen zarete? Joan den urtean ja ez ginen atera, aurretik hogei urtez edo. Lehenik Errenterian eta gero Tolosara joaten ginen. Gozatu egin dugu, eta jendea barrez ikusteak on egiten zigun. Umore fina egiten saiatzen ginen, inor mindu gabe. Aterpean lan asko egindakoa zara, baina kaleko giro horretan gustura, ezta?. Kopletan ere ibiltzen zara. Bai, Ereintzakoekin. Batzuetan norbaiti eskainitako bertsoak izaten dira, 50 urte egin dituelako, edo zerbait egin duelako, hil delako… Horretan ere pixka bat aurkeztea tokatzen zait, baina hor ere taldean [argi utziz], beti taldean. Leku askotan galdu dira koplak. Zer dela-eta gorde dira Errenterian? Hemen sendo dago. Badugu arazo txiki bat, belaunaldi artekoa. Olentzerorekin ere gertatu zitzaigun eta lehen Olentzero gisa ateratzen zenak ja gazte bati erreleboa eman dio. Nik uste hori zaindu behar dugula, eta horretan gaude, gu adinean aurrera goaz eta gazteek har dezaten lekukoa. Giro oso polita izaten da kopletan, eta egia esan, oso sustraituta dago herrian ohitura hori. Euskalgintzan eragile izan zara. Baldintzak zu gaztea zinenekoak baino hobeak dira, baina erabilerak huts egiten du. Borroka horretan erreleborik ikusten al duzu? Badakit astakeria bat esatera noala, baina hainbat alorretan pentsatu dut halako debeku txikiren bat ezartzea ez al litzatekeen izango ona, debekatuaren kontra eginaz, gauzak indartzeko. Eta euskararekin ere antzerako zerbait gertatu zaigu. Euskara zorionez asko hedatu da, eta irakaskuntzak zer ikusi handi du, eta abar, baina motibazio aldetik ez dakit nola gabiltzan. Guk motibazioa garbi genuen, euskaldun izan nahi genuen. Orain ez dakit indar puntu hori ez ote dugun galdu euskaldunok, Artzek esaten zuenaren aldetik; nahiko kezkatzekoa da. Beste aldetik, ikusten dut erakundeak, eta batez ere udalak, erantzuten ari direla. Pausu kualitatibo bat eman da, zinegotzien banaketan. Euskara aparte zegoen, edo gehienez euskara eta kultura zinegotzi beraren ardurapean. Geroztik ikusi dut hirigintzak ere hizkuntz eskakizunari erantzun behar diola, normaltasun bide batetik, eta euskararen ardura erakunde osoarena da. Urrats batzuk egin dira, era naturalean gainera. Erakundeen lan horretan aritua izan zara zu ere, Euskara Aholku Batzordeko koordinatzaile bezala. Bai, hiru urtez-edo ibili nintzen, Mari Carmen Garmendia sailburuarekin, Mikel Zalbidearekin, Andoni Sagarnarekin, hainbat euskaltzain biltzen ziren… Garai hartako oso oroitzapen onak ditut. Taldetxo batzuk aritzen ziren lanean eta ni horiek koordinatzen aritzen nintzen. Oso eskertua nago, asko ikasi nuelako, bai hizkuntzari dagokionez baita nolabait gizalegeari dagokionez ere. Han ikusi nuen, inongo irabazpiderik gabe, euskararen alde lanean sakrifikatzen ari zen jendea. Eta hori ere gogoan hartzekoa da. Hor ere taldean, baina hor ere ibili zinen zu. Bai, beno, denetarik egin izan dut, lehen esan dut elektrikaria izan nintzela, bertsolaria ere [barrez]. Umorez bukatzeko, behin Xabier Leterekin ezkontza batean egokitu eta, bertsotan hasi nintzen, hirugarren kopa hartuz gero, nola ez bada. Bertsoa bota nuen, eta Letek ‘ona haiz Mikel, jode, ona haiz’. Eta ni nire egoa puztuta, eta hark, ‘ona haiz bai, bertso txarrak botatzen’. ‘Hik inbidia ‘, erantzun nion nik. [Pentsakor jarri da] Bai, pozik nago. Garaian-garaian erantzuten eta egokitzen zitzaidan giroan eta unean zerbait egiten ahalegindu naiz beti, eta gustura egin dut, besterik gabe.
Gaur banatuko dituzte sariak Niessenen
Mikel Ugalde Ugarte ekintzaile eta euskaltzale errenteriarrak eta Kuadrillategi egitasmoak jasoko dituzte aurtengo Oarsoarrak Euskararen sariak. Oarsoaldeko Euskara Batzordeak banatzen ditu 2010az geroztik, gizarteko alor guztietan euskararen normalizazioan urrats esanguratsuak egin dituzten banako, elkarte, lantoki, erakunde nahiz taldeak saritzeko. Gaur egingo dute sari banaketa, 19:00etan, Errenteria-Oreretako Niessen Kulturgunean. Batetik, Ugaldek «frankismo garaitik, bere kristau konpromisoak bultzatuta» egin duen lana nabarmendu nahi izan dute. Gizarte eragile izan zen hainbat kolektibotan jardunez. Sindikalismoa, irakaskuntza, kazetaritza eta antzerkigintza izan dira bere lan ardatzak, eta horrez gain, bere jardun soziolinguistikoa goraipatu dute, «beti ere, euskararen mesedetan eta ikuspuntu euskaltzale batetik eraginez». Bestetik, DBHko gazte kuadrilletan hizkuntza ohiturak euskalduntzea helburuz martxan den Kuadrillategi programari ere aitortza egin diote aurten. Pasaian sortu zen Kuadrillategi 2002an, handik gutxira Lezo eta Oiartzunera hedatu zen, eta orain lau urte Errenteriara. Kudrillategiri esker «eskualdean gazteen artean jarduera arrakastatsu bihurtu da euskarazko aisia», adierazi du Euskara Batzordeak.