XX. mende hasierako meatzarien lana aitortuko duen erakusketa zabaldu dute; beranduago aritutakoak omendu dituzte
Meatzari izandako ugari elkartu dira pleno aretoan.
Arditurriko meatzeek garrantzia handia izan dute Oiartzunen garapenean. 2.000 urtez ustiatu dituzte, eta orain, gizarte postindustrialean gertatu ohi den bezala, ondare hori dibulgatzen ari dira.
Hala egiten jarraituko dute, gaur inauguratu den erakusketan. XX. mende hasierako meatzariak omentzeko argazki erakusketa da. Gainera, garaiko jantziak eta mineralak ere ikus daitezke. Arditurriko Interpretazio Zentroan ikus daiteke dena, otsailaren 25era arte.
Meategian 1984an lan egiteari utzi bazioten ere, bertan lan egin zuten batzuek gaur izan dute berriro elkar ikusteko parada. Goizean udaletxean harrera egin diete, txistu doinuek lagunduta.
Gozatzeko eguna
Jexux Leonet alkateak ongietorria eman die langile ohiei. Baita bi gonbidatu bereziri ere: Carlos Olaetxea Gordailua zerbitzuko buruari eta SADIMeko koordinatzaile tekniko Guillermo Laineri.
Oiartzungo alkateak nabarmendu duenez, meategiak garrantzia handikoak izan dira, eta oraindik izaten jarraitzen dute. Izan ere, garai bateko trenbidea gaur egun bidegorria da. Bidegorrikoaz, oraindik beste aztarna batzuk ikus daitezkeela gogorarazi du: errota zaharrak, meategiak eurak… Duela hamar urte ireki zirenetik, 130.000 bisitari jaso dituzte.
XX. mende hasieran Chavarri enpresak kudeatzen zituen meategiak.
Olatxeak, bere aldetik, Arditurriren balio arkeologikoa balioan jarri du. Bertan egindako indusketetan erromatarren garaiko ehunak eta kriseiluak agertu zirela nabarmendu du. Erakusketa osatzeko esfortzu handia egin dela ziurtatu du.
Laine, berriz, meatzeetako ingeniaria da, eta SADIMeko koordinatzaile teknikoa. Meategi izandakoen dibulgazioan lan egiten dute, eta haiei buruzko xehetasunak eman ditu.
Egitaraua, hala ere, ez da udaletxean bukatu. Gero erakusketa inauguratzera joan dira Arditurrira, eta bazkaria egingo dute. Arratsalde parterako, inguruko gainontzeko bi museoak bisitatuko dituzte: Luberri eta Soinuenea. Leonetek egunarekin gozatzea opatu die, horretarako antolatuta baitzegoen.
Meatzeetara bidaia
Arditurriko meategiak bisitatzeko beste aukera on bat egongo da datorren astean. Hilaren 6an eta 8an meatzeetara tren berdea abiatuko da, eta prezio murriztua izango dute bidaiak eta sarrerak osatutako
pack-ak.
Prezioak eta ordutegiak ikus daitezke,
esteka honetan sakatuta. Arditurri kudeatzen duen Parketxe Sareak jakinarazi duenez, aldez aurretik egin beharko da erreserba. Horretarako 943 49 50 49 edo 688 89 50 telefono zenbakietara deitu beharko da, edo
e-posta bidez idatzi.