Herritarren parte hartzea igo da, eta udalak eskertu du herritarrek erabili duten tonua; auzotarrek ongi baloratu dituzte bilerak
Ugaldetxon egindako batzarra.
Gaur zortzi bukatu ziren 2017ko auzo batzarrak. Astebete pasatu ondoren, Oiartzungo Udalak bere balorazioa jakinarazi du. Balorazioa positiboa da, eta udaleko ordezkarien eta auzotarren arteko elkarrizketek izan duten norabidearekin pozik daude, batez ere tonuarekin. “Udalak azalpenak emateko aukera izan du eta entzuna sentitu da. Bestalde, herritarrek ere euren iritzia lasai emateko baliatu dute aukera hau”, ziurtatu dute. Gaineratu dutenez, giroa “emankorra” izan da.
Herriko zortzi auzoetan egindako bilerek hainbat helburu izan dituzte. Alde batetik, udalaren egoera eta aurrera begirako erronkak ezagutaraztea. Bestetik, 2018ko aurrekontuen berri ematea, eta auzo bakoitzean egindako eta egin beharreko lanei buruz hurbiltasunarekin aritzea. Auzo bakoitzaren beharren diagnosia ere egin dute.
Parte hartzeak, gora
2016ko datuekin alderatuta, parte hartzeak gora egin du. 136 oiartzuarrek hartu dute parte bileretan —emakumeak %43,3 izan dira—. Auzo gehienetan, Gurutzen izan ezik, mantendu edo igo da kopurua.
Ehunekoei dagokionez, Karrikakoak izan dira gehien parte hartu dutenak. Auzotarren %11,6k hartu zuen parte azaroaren 23an egin zuten bileran. Beste muturrean, jende gehien bizi den auzoa dago: Elizalde. Biztanleen %0,3k hartu zuen parte. Adinari dagokionez, parte hartzaileen ia bi herenak (%64,71) 31 eta 65 urte bitartean dituzte.
Auzotarrak ere, pozik
Udalak zehaztu duenez, bileretan parte hartu duten herritarrek ekarpenak egiteko gogoz azaldu dira. Ongi baloratu dituzte gobernu taldeak aurkeztu dituen edukiak, baita saioak eurak ere. Auzo batzarrak egitearekin berarekin, eta bere probetxugarritasunarekin ere pozik daude: batez besteko notak 8a gainditu du.
Hori bai, kritikarako tokia ere egon da. Izan ere, batzarretara hurbildu direnek uste dute jende gehiagok hartu behar duela parte auzo batzarretan.
Ikuspegi orokorra nagusitu
Auzo batzarretan gehien nagusitu diren kexak jarrerari buruzkoak izan dira. Horrela, beste behin, ibilgailuen gehiengo abiadura ez errespetatzea, hondakinak lurrean uztea edo txakur kaken arazoak bezalakoak helarazi dizkiote udalari.
Horrez gain, egoera ez da berbera auzo guztietan. Egoera hobean dauden auzoetan mantenu lanak dira ikusten diren beharrik handienak. Baldintza kaxkarragoak dituztenetan, interbentzio handiagoak behar dira. Udalak azaldu duenez, euren eginbeharra udalerri guztia egituratzea da, eta Oiartzunen herri ikuspegia mantentzea. “Auzoetan ikuspegi orokor hori zabaltzea eta ulertzea oso garrantzitsua da. Batzarretan parte hartu duten auzotarrek oso ongi ulertu dute ikuspuntu hau, eta hori oso pozgarria da Gobernu Taldearentzat”, jakinarazi dute.
Gazteekin, estreinakoz
Auzotarrekin ez ezik, gazteekin ere bildu dira. Lehen aldiz elkartu dira, orain arte ikusten baitzen gazteena parte hartze txikiena zuen kolektiboa zela. Euren beharrak eta auzoetakoak ezberdinak izan daitezkeela uste dute, edo auzoekiko lotura txikiagoa dela.
Saio arrakastatsua izan zela nabarmendu dute, eta agertu ziren gazteek ekarpenak egiteko gogoz parte hartu zutela. Elkarlanerako zuten prestutasuna ere agerikoa izan zen. 2018an bilera bera eta formatua —pintxopotea— errepikatuko dutela iragarri dute.
Elkarrekin lanean
Batzarren helburu nagusia herritarren eta udalaren arteko elkarlana sustatzea izan da, eta bide horretan jarraituko dute. Parte hartu duten auzotarrei eskerrak eman dizkiete. Parte hartu ez dutenei, berriz, 2018koetara joateko gonbita luzatu diete.
Udalaren webgunean ikus daitezke batzar guztietako aktak, baita gazteekin egindakoa ere.