Pantalan zaharrak itsas beherarekin eragiten zituen arazoei irtenbidea emateko aldatu dute.
Paretaren paraleloan jarri ordez, badia erdirantz irteten kokatu dute ontziraleku berria.
Donibaneko plazako ontziralekua berritu egin dute. Pasaiako Udaleko hirigintza zinegotzi Nahikari Oterminek jakinarazi duenez, “2017. urterako diputazioarekin sinatutako hitzarmenean jasotako ekintza” da Donibanekoa.
100.000 euroko partida aurreikusia zuten plazako ontziralekua berritzeko, baina 67.130 euro kostatu da, aurreikusitakoa baino gutxiago, Oterminek zehaztu duenez.
Udalak aurreko pantalanak arazoak ematen zituela azaldu du, egoera kaxkarrean zegoelako, eta horrez gain, “kokapenaren ondorioz, itsas behera zegoenean bertan ziren ontziak hondartzen zirelako”. Berria jarrita aipatu arazoei irtenbidea eman nahi izan dietela azaldu dute.
Denen gustukoa ez
Aldaketa, baina, ez de herritar guztien gustukoa izan. Aurreko arrapala plazako paretaren paraleloan kokatua zegoen, eta berria, berriz, badiarantz irteten da, zuzenean, plataforma baten bidez.
Inpaktu bisuala askoz handiago da, eta sare sozialetan aldaketa “makarradatzat” jo duenik izan da.