Pasaiako Zaharren Etxeko langileek kobratu gabe jarraitzen dutela salatu du LAB sindikatuak.
Zaharren etxeko langileen gatazka luze jotzen ari da denboran.
Kexu dira berriz ere Pasaiako Zahar Etxean azpikontratatuta ari diren langileak. LAB sindikatuaren bitartez salatu dutenez, Kaiperekin zuten zorra oraindik ez dute denek kobratu.
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, lehengo abuztuaren 17tik enpresa berri batek kudeatzen du Zaharren Egoitza, ABEE, Clece Zaintzen. Enpresa aldaketa gustura hartu zuten langileek, uste zutelako aldaketarekin kobratzeko zituzten arazo etengabeak amaituko zirela.
Zoritxarrez, baina, egoera ez da oraindik behar bezala konpondu. Kaipe enpresak 2017ko uztaileko hilabetea zorretan utzita alde egin zuela jakinarazi du LABek, eta ondoren, zahar etxeko fundazioak langileen abuztuko soldata erretenitu zuela, “langileek kobratuko zutela bermatu nahi zutela argudiatuta”.
Langileen harridurarako, baina, fundazioa langileen erreklamazioak jasotzen ibili da lehengo astean eta 11 langileri ordaindu die, uztaila, abuztua eta finikitoak, beste batzuk kobratu gabe jarraitzen duten bitartean. “Langileen artean sortu duten bakarra haserrea da. Zergatik ez zaigu ordaindu modu proportzional batean?”, galdetu dute langileek, eta “zorrak dituzten beste langileei lehenbailehen ordaintzea” eskatu dute.