Jasotako dirua ospitalean akonpainamenduak ugaritu, eta gaixorik dauden haurren zein gurasoei begirako terapietara bideratuko du Juneren Hegoak elkarteak.
Gartzia, Pikabea eta Txasko gaurko agerraldian.
Galtzarabordako kiroldegiaren pista elkartasun eremua bilakatuko da hilaren 23an, larunbata. Izan ere, zumba maratoi solidarioa antolatu dute Kiroletako azpisailak eta Serviocio-BeOnek Juneren Hegoak elkartearekin elkarlanean. Gaur aurkeztu dute maratoi solidarioa Joseba Pikabeak kiroldegiko jardueren antolatzaileak, Jon Txasko Kirol zinegotziak, eta Maite Gartzia Juneren Hegoak Elkarteko kideak.
Zumba maratoi solidarioa ez da berria, honakoa hirugarren aldia izango duela azaldu du Pikabeak, “aurreko bi urteetan beste elkarte batzuekin elkarlanean aritu gara eta aurten, Juneren Hegoak elkartearekin arituko gara”. Bi zumba maratoi antolatu dituzte, bata haurrei begirakoa eta bestea helduentzat. Haurren saioak, hiru ordu laurden iraungo ditu, 10:00etatik 10:45era egingo dute. Helduena, berriz, 10:45ean hasi eta 12:15ean amaituko da. Parte hartzeko 3 euro ordaindu beharko dituzte haurrek eta 10 euro helduek. Jardueran parte hartzen duten helduek, gainera, parte hartzailearen motxila jasoko dute, “Super Amara, EMKT Errenteriako Merkatuak eta Nutrisportek emandako produktuak izango dituzte bertan”.
Izen ematea Galtzaraborda eta Fanderiako kiroldegietan egin dezakete interesdunek eta argibide gehiago, berriz, Galtzarabordako kiroldegiko 943 44 96 90 edo Fanderiako kiroldegiko 943 33 44 23 telefono zenbakietara deituta eska ditzakete.
Eskerrak eman dizkie Gartziak antolatzaileei, “bildutako diruarekin elkarteari bere ametsa betetzen laguntzen diozue”. Juneren Hegoak elkarteak laguntza sare bat sortzeko hasi zuen bidea, haurren gaixotasun, heriotza edo dolu esperientzia bizitzean kalteberatasun egoeran dauden Gipuzkoako familiei laguntza eta babesa emateko. Jasotako dirua ospitalean akonpainamenduak ugaritu, eta gaixorik dauden haurren zein gurasoei begirako terapietara bideratuko du Juneren Hegoak elkarteak. Horren harira, garrantzitsua dela parte hartzea maratoian esan du Txaskok, “ahalik eta diru gehien biltzeko haur eta familia horiei lagundu ahal izateko”. Eskerrak eman dizkio Txaskok Juneren Hegoak elkarteari: “Zuen lana da benetan eskertzekoa egiten duzuen lana beharrezkoa dela uste dugu, eta bat egiten dugu zuen helburuarekin”.