Errenteriako Gurutze Gorriaren Herri Batzarrak 2016tik jorratu duen trizikloen gaineko proiektuarengatik Guztiok Mugituz saria jaso berri du. Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen aldiz eman du saria.
Iztieta auzoan egin zuen trizikloekin lehen saioa.
Joan den asteazkenean, Errenteriako Gurutze Gorriaren Herri Batzarrak,Guztiok Mugituz saria jaso zuen. Sariak, mugikortasun iraunkor, osasuntsu eta inklusiboa bultzatzea du xede, eta aurtengoa lehen edizioa izan da. Herriko elkarteak trizikloekin martxan jarritako Mugikortasun seguru eta osasungarrirako ohiturak iniziatibarengatik jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza.
Elkarteko boluntarioen taldea «zoriontsu» azaldu da lorpenagatik, batez ere, trizikloa inklusiorako lanabes bezala erabiltzeagatik egindako lana saritu dutelako.
Egitasmoa 2016ko urtarrilean hasi zuten. Oiartzun ibaiaren inguruan jarduera fisiko osasuntsuak bultzatzeko programa diseinatzeko bileretako batean hain zuzen. Errenteriako Udalak landu zuen programa hori. Herriko Gurutze Gorriko presidente Jose Antonio Fernandezi ingurumenarekin, osasunarekin eta gizarte alorreko inklusioarekin zerikusia izango zuen jarduera bat jorratzea bururatu zitzaion bilera hartan, nagusiki, herrian arazo fisiko zein psikologikoak zituzten bizilagunei bideratutakoa: trizikloena. Udaleko Kirol arlora bideratu zuten proiektua, eta elkarteak bi triziklo eskuratu zituen. Kideek ideia eta aukera bikaina zela ikusi eta proiektu berriak «ibilbide oparoa izan zezakeela» ondorioztatu zuten.
Urtarrilaren 27an trizikloekin lehen saioa egin zuten Iztieta auzoan. Bertan, ibilbide bat irudikatuz, herritarrek hiru gurpileko bizikletetara igotzeko aukera izan zuten. Fernandezek ilusioz gogoratzen du estreinaldia: «Paregabea izan zen eguna». Herritarrek emandako erantzun baikorra ikusita, «galdu ezin den proiektua» zela ohartu zen, eta orduz geroztik herriko plazetan hamaika saio egin dituzte. Egun, ia bi urteren ondoren, egitasmoan 360 errenteriar inguruk hartu dute parte, eta lehenengo saio hartatik, elkartearen egoitzan bertan eskuragarri daude trizikloak.
Ikusezina, ikusgai
Gurpildun aulkia edota makuluak ikustea erabat normalizaturik dagoen bezala, Gurutze Gorriak trizikloaren erabilera ere orokortu nahi du. Elkarteko herrialdeko arduradun Maider Gonzalez: «Haur bat triziklo batekin ibiltzen ikustera ohitu bagara, heldu batek erabiltzen duenean, zergatik ez dugu egoera berdin ikusten?». Gaixotasun, elbarritasun edota oreka arazoak izanez gero, orokorrean etxetik gutxiago ateratzeko ohitura dagoela nabarmendu du. Horregatik, trizikloaren erabileraren bitartez, helduen eta arazo fisiko zein psikologikoak dituztenen autonomia handitu nahi dute, eta euren egoera, arduradunaren hitzetan, ikusezin izatetik ikusgai izatera pasatu da.
Ideia guzti horiek plazaratzeko asmoz, Mugikortasun Seguru eta Osasungarriaren Eskola sortu dute. Bertan, trizikloa erabiltzeko eta modu egokian zirkulatzeko arauen berri ematen diete partaideei.
Mugikortasuna, «eskubide unibertsala» dela nabarmendu du Gonzalezek, eta orokorrean trizikloa erabiltzeko dauden beldur eta lotsak alde batera utzi behar direla. «Herritar guztiek trizikloa erabil dezatela proposatzen dugu, jendeak garraio mota hori gaixotasun edota elbarritasunekin ez lotzeko», gehitu du.
Errenteria-Oreretako herritar guztiek, inklusioren alde, hiru gurpileko bizikletara igotzeko aitzakiarik ez dute. Gurutze Gorriaren babesa eta lan guztia izango dute ondoan hori egitea erabakitzen dutenek.