Oskara ikusteko sarrerak salgai daude Niessen Kulturgunearen leihatilan, Xenpelar Kultur dendan eta Landare tabernan 11 euroan.
Oskara ikuskizuna. Argazkia: Gorka Bravo.
Oskara ikuskizuna etxean emango du Kukai Dantzak. Urtarrilaren 21ean izango da emanaldia Niessen Kulturgunean 19:00etan hasita, eta dagoeneko sarrerak salgai daude Niessen Kulturgunearen leihatilan, Xenpelar Kultur dendan eta Landare tabernan 11 euroan. Nabarmentzekoa da kulturguneak 300 lagunentzako lekua duela, eta sarrerak salmentan jarri eta berehala 50 salduta dituztela.
Oskara, Kukai Dantzaren ikuskizuna Errenteria-Oreretako dantza konpainiaren beste lan asko bezala, elkarlanean mamitutakoa da, kasu honetan, Europako sortzaile garrantzitsuenetako batekin eta bere konpainiarekin batera egin du lan: Marcos Morau eta La Veronal. Tradizioa eta abangoardia uztartu ditu Kuaki Dantzak 2016aren hasieran estreinatu zuen ikuskizunean.
Oskararekin hainbat sari jaso dituzte errenteriarrek, dantza ikuskizun onenaren saria Huescako Dantza eta Antzerki jaialdian eta Espainiako Arte Eszenikoetako Max Sarietarako zituen zazpi izendapenetatik hiru sari jaso zituen.
Bere 15 urteko ibilbidearen aitortza ere jaso du aurten Kukai Dantzak, Espainiako Dantza Sari Nazionala.
Oskara aurretik ere egin du Kukai Dantzak Errenteria-Oreretan, ikuskizuna estreinatu eta gutxira joan den urteko otsailean.