Errenteriako bizilaguna den Josune Arrutiri banketxe horrek ezarritako baldintzak salatu dituzte, izan ere, praktika onen kodeari muzin egin dio errenteriarraren kasuan.
Elkarretaratzea gaur goizean Santander Banketxearen aurrean Donostian. Argazkia: Jose Manuel Ferradas
Elkarretaratzea egin dute gaur goizean hamarnaka lagunek Donostian, Santander Banketxearen aurrean. Errenteriako bizilaguna den Josune Arrutiri banketxe horrek ezarritako baldintzak salatu dituzte, izan ere, praktika onen kodeari muzin egin dio errenteriarraren kasuan. Hala salatu du Errenteria-Oreretako EH Bilduk eta Errenteria Irabaziz. Bi alderdietako hainbat zinegotzi zian dira Gipuzkoako Stop Kaleratzeak antolatu duen elkarretaratzean, baita beste alderdi politikoetako errenteriako zinegotziak ere.
Guindos Dekretua bezala ezaguna den praktika onen kodea ez diola ezarri Arrutiri Santander Banketxeak salatu dute Errenteria Irabaziz eta EH Bilduk, “ezin dugu ulertu zergatik. Kode horren arabera, bost urteko epea eman behar diote kreditua eman duten banketxeek egoera jakin batzuen aurrean. Josuneren [Arruti] kasuan baldintza hauek betetzen dira. Gerora hori onartu bazaio ere, banketxeak Errenteriako bizilagunari eskaini dion kreditu moldaketak, Arrutik eskatu ez duen kredituaren handitzea suposatzen du, eta horrekin batera, abusuzko klausulak ezarrita. Horren aurrean, Josune Arrutik egindako eskaerari emandako erantzunean atzera egiteko eskatu diogu Santander banketxeari eta praktika onen kodeak dioenaren arabera ekiteko, egungo prestamuaren klausularik aldatu gabe”.