1936-1945 garaia bizi izan zuten emakumeen bizi esperientzietara mugatuko da.
Duela bi urteko bi sarituak, alkatearekin, Mariasun landarekin eta Xebas Gelbentzurekin
Mariasun Landa Saria lehiaketaren zortzigarren aldia martxan jarri du Errenteriako Udalak. Berdintasun Planaren barruan, gizarte arlo ezberdinetan emakumeek Errenteria-Oreretari egindako ekarpena agerian jarri eta aitortzea du helburu lehiaketak, haiei aitortza egitea eta merezi duten lekua ematea. Herri kronika ere osatu nahi dute antolatzaileek lehiaketaren bidez, eta horretarako emakumeek herriari egindako ekarpenen gainean idatzitakoak saritzen dituzte.
Aurtengo ekitaldian, herrian 1936ko Gerra eta oroimen historikoa berreskuratzeko abiatu den ikerketarekin bat eginez, 1936-1945 garaia bizi izan zuten emakumeen bizi esperientzietara mugatuko da.
Urtarrilaren 31n amaituko da lanak aurkezteko epea, eta 450 euroko bi sari banatuko dituzte: Emakumeen begirada, lanik onenari eta Emakumeei begirada, lanik onenari. Idazlan irabazleak gainera, Oarso aldizkarian argitaratuko dituzte. BI idazlan irabazleen artean gutxienez bat euskaraz idatzia izango da.
Interesdunek Errenteriako Udalaren erregistroan aurkeztu beharko dituzte lanak.