Gipuzkoako Kopa irabazi du areto futboleko Pescados Ferreres taldeak.
Zaleak harmailetatik bultzaka aritu ziren bi partidetan.
Zirraraz beteriko eguna. Halaxe gogoratuko dute garaipenaren eguna lehengo larunbatean Donostiako Gaska kiroldegian izan ziren zale antxotar guztiak. Jokoan, Gipuzkoako Kopa, eta Afantxorentzat bi kontrario; goizean Ibarra, finalaurrekoetan, eta horiek 3-5 gaindituta, arratsaldean, Inter Intxaurrondo. 4-2 irabazi zuten finalean zuri-gorriek, eta honenbestez beraiena da Gipuzkoako Kopa.
Urte biribila osatu du Areto Futboleko taldeak. Igoera lortu dute eta horrez gain, Gipuzkoako Kopa. Pozik daude jokalariak, eta asebeteta talde teknikoa. “Taldeari ezin zaio gehiago eskatu”, adierazi dute, “urtetik urtera maila goreneko helburuak betetzea lortu dute”.
Esker ona adierazi die taldeko zuzendaritzak babesle eta zaleei, eta, era berean, atsekabea adierazi dute udaleko ordezkaririk ez zelako izan finalean: “Ordezkari bakar bat ere ez zen hurbildu taldea animatzera, nahiz eta Espainiako Federazioko buru Juan Luis Larrea bertan izan”, kexatu dira, eta taldea “Gipuzkoako eta Bizkaiko bazter guztietara Pasaiaren izena daramala” ohartarazi dute.