Kalparra eta Albaloaren arteko pasealekua berrituko dute.
Izaskun Gomez, Marisol Garmendia eta Nahikari Otermin, proiektua azaltzeko eman zuten prentsaurrekoan.
San Pedroko puntetako pasealekua berritu egingo dute. Egunotan hasiko dira lanak, aldundiak eta udalak iragarri dutenez. Zehaztu dutenez, biziberrituko duten tartea 600 metroko luzera du, 2.850 metro koadroko eremuan, Kalparran hasi eta Albaolara bitartean.
Proiektuak 554.000 euroko aurrekontua du, eta aldundiak finantzatuko du, Pasaiako Udalarekin biziberritzerako duen hitzarmenaren bitartez. Lanen arduradunek adierazi dutenez, “pasaitarren bizi kalitatea hobetu” nahi dute egitasmo honen bitartez, eta horrez gain, Albaolaren datozen bisitariei sarrera erraztu.
Helburu horrekin, Puntetako itsas pasealekua luzatu eta pasealekua eta itsasoa bereizten dituen horma altxatuko dute, oinezkoen babesa handitzeko eta pasealekuarentzat espazio irabazteko.
Era berean, azpiegiturak eta instalazioak (argiteria, saneamendua, drainatzea, hornidura, telekomunikazioak eta abar) hobetuko dira eta lurpetik bideratuko dituzte.
Azkenik, Albaola faktoriaren ondoan egonaldirako lorategi-zona sortuko dute eta hiri-altzariak jarriko dituzte.