Gaur goizean, 08:00ak aldera, Joxean Etxeberriak Soriako espetxeko pareta eta hesiak atzean utzi ditu. Hamar urte eman ditu kartzelan —gehi beste urtebete eta hiru hilabete—, eta 19/98 auziagatik geratzen zen azkeneko presoa zen. Oiartzun eta Euskal Herriko beste hainbat txokotatik harrera egitera joan zaizkio, itzulera goxoago egite aldera.
Espetxea atzean utzita, hitz batzuk eskaini dizkio Oarso Bidasoko Hitzari, etxera bidean zela. “1998ko maiatzaren 27an hasi zen hau guztia”, gogorarazi du Etxeberriak, eta espetxean eman duen denbora gogorra izan dela definitu du: “Azken hamar urte hauek isolamenduan eman ditut, lehenengo graduan. Azterketak egin behar izan ditudanean, Zueran eduki naute, eta han egoera bereziagoa zen. Baina orokorrean, isolamenduan egon naiz, horrek dakarren tentsioarekin. Zigor ziegak dira, eta, azken finean, edozein liskar sortzen dela espetxean, tentsio ikaragarri hori biltzen da. Azken bi urteak bakarrik eman ditut, nirekin zegoen kidea duela bi urte atera zelako”.
Urruntasuna nagusi
Espetxean gehien nabaritzen den sentsazioa urruntasuna dela aitortu du Etxeberriak. Bigarren espetxealdiko lehen sei urteak Galizian eman zituen, Oiartzundik 800 kilometrora. “1.600 kilometro dira joan-etorrian. Horrek suposatzen du tentsioa eta urduritasuna: noiz iritsiko diren espetxera, noiz etxera; telefonotik zintzilik zaude, ahal duzunean deitzeko…”, zehaztu du.
Azken urteak Sorian eman ditu. Hurbilago egonagatik, “oso urrun” sentitu dela adierazi du jada preso ohi den oiartzuarrak. “Askotan”, jarraitu du, “arinegi aipatzen dugu 270 kilometro bakarrik direla. ‘Bakarrik’ hori… astebururo egin behar direnean, oso latza da. Preso zaudenean, kanpokoentzat latza da, baina baita zuretzat ere; ez dakizu iritsi diren edo iritsiko diren. Telefonoa hartzen duzunean zure buruari esaten diozu ‘uf, gaurkoan ere iritsi dituk’”.
Lau paretak atzean utzi dituen arren, buruan ditu espetxeetara astebururo joan behar duten senide eta lagunak. “Pasa den asteburuan bertan, Marta Igarriz kidearen senideek istripua izan zuten, 2017ko bederatzigarrena. Egoera horiek guztien eragina pairatzen dugu espetxe barruan”.
“Hau ez da bukatu”
“Hau ez da bukatu; dispertsioak bere horretan dirau”, gogorarazi du Etxeberriak, ” eta ez da borondate ez jarrerarik ikusten egoera horri buelta emateko. Gainera, arinkeria ikusgarriak ikusten ditut politikari batzuen artean, kilometroei buruz hitz egiterakoan”.
Eusko Jaurlaritzak berriki atera duen presoen seme-alabei buruzko txostena ere izan du hizpide. “Horri, nik gehituko nioke zer suposatzen duen aiton-amonentzat, zer suposatzen duen gurasoentzat, edo bikotekideentzat”, esan du. Haurrentzat bereziagoa eta mingarriagoa dela onartu du: “Bizitza kalitatean, bizitzeko aukerak, laguntasunak, beren gustuko jarduerak, ikasketak, asteburuko jarduerak… Horiek guztiak galtzen dituzte aita edo ama ikusi nahi dutelako, eta berarekin orduak eman nahi dituztelako, eta ez zaielako nahikoa iruditzen telefonoz bakarrik hitz egitea”.
Horrek guztiak “tentsio iraunkor handia” suposatzen duela azaldu du, eta ez bakarrik preso eta bere senide hurbilenentzako. “Inguru oso bat da, eta mendeku politika hori ulertzen ez dutenak, bereziki, haurrak dira”.
Estrategia politiko-judiziala
“Denak balio du” ildoaren mugarria 1997an jarri du, Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kideak espetxeratu zituzten. “Esan genezake hori izan zela hasiera. Gurean sartzen da bai KAS, bai Ekin, bai Jarrai-Haika-Segiko gazteen aurkako sumarioa, Egin Irratia, Egin egunkaria… Egunkari bat itxi zuten, suposatzen duenarekin, eta euskal gizarteak, berriro, erantzun ikaragarri bat eman zuen egunkari berri bat ateratzeko”.
Denak balio du mezua oraindik mantentzen dela gaitzetsi du. “Oraindik, hainbat epaiketa zintzilik daude: abokatuena, euskal preso politikoekiko kidetasuna adierazi zuen Herrira mugimenduaren kontrakoa… Orain dela hogei urte hasi zen estrategia politiko-judizial hori oraindik bere horretan mantentzen da”. Iritzi du iraganeko kontua izan behar lukeela, eta mendeku politika bati jarraitzen diotela oraindik. Ezker abertzaleak hainbat urrats eman dituela nabarmendu du, egoerak beste bide bat har dezan. “Saiakerak ikusi dira, sumatu dira, eta bereziki aipatuko nuke ezker abertzaleak eman duen aldaketa estrategikoa, horrek suposatzen duenarekin”.
Iparrorratza, Ipar Euskal Herrian
2017ko bi ekitaldi nabarmendu ditu. Alde batetik, apirilaren 8an eman zen ETAren armagabetzea. Bestetik, pasa den hilean Parisen egin zen mobilizazioa. Iparrorratza Ipar Euskal Herrira begira jarri du Etxeberriak: “Ipar Euskal Herriko anai-arrebek eman duten urrats hori, elkartasun hori, eta beraien arteko batasuna. Alderdi gehienetako politikariek urratsak emateko prestutasuna adierazi dute, bata besteari baldintzarik jarri gabe eta inoren ekimena gutxietsi gabe. Iruditzen zait jarrera ireki bat benetako urratsak emateko, eta benetan bakea eraikitzeko”.
Bidasoaren beste aldean, berriz, bestelako jarrerak antzematen ditu: “Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, ezta Espainiako Estatuan ere, ez dut horrelako jarrerarik sumatzen. Jarrera oso bortitzak ikusten dira, eta, askotan, ezker abertzalearekiko mezu zorrotzegiekin”.
Irakurketak irakurketa, orain etxekoekin egoteko garaia izango duela esan du. Gerokoak ere izan ditu kontuan: “Hasiko gara lanean pixkanaka… Adinean ere aurrera goaz, eta ajeak nagusitzen ari dira, baina beno, ikusiko dugu. Oraingoz lasai hartuko dut”. Arratsaldean, ordura arte aukerarik izan ez duten herrikideek, harrera egiteko aukera izango dute. 18:00etan jarri dute zita, Done Eztebe plazan.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.