Bidasoko kontrabandisten ibilbidearen lehen etaparekin ekingo dio Trintxerrek ikasturteari
Zortzi etapetan osatuko dute 2018rako antolatu duten erronka berria.
Trintxer Mendi Taldeak osatu du jada ikasturterako irteeren egutegia. Erronka berri bati ekingo diote 2018. urtean, Bidasoko kontrabandisten ibilbideari, eta lehengo etapa igande honetan egingo dute, hilak 14. Ohi bezala, Dax taberna parean elkartuko dira, 08:00etan. Etaparen abiapuntua Hondarribiko Guadalupe izango da. Handik Hondarribirantz jaitsi eta Txingudiko badia zeharkatuta Hendaiarako bidea hartuko dute. Behobiatik Irunera igaro eta Gazteluzar ibilbidetik barrena Elurretxeko aparkalekura iritsiko dira. Etapak, guztira, 17 kilometro ditu eta bazkaltzera etxera itzultzeko asmoa agertu dute antolatzaileek. Egutegi oparoa Berritasunetik harago, Trintxer Mendi Taldeak aurrez martxan dituen beste egitasmoekin jarraituko du aurten baita ere. Euskal Herriko Birari beste hiru etapekin emango diote jarraipena, eta urtero Pirinioetara antolatzen duten asteburuko irteera ere ez da faltako.