Gabonak amaituta heldu dira merkealdiak saltokietara. Astelehenean itsatsi zituzten merkealdi kartelak erakusleihoetan, eta martxora arte mantenduko dituzte.
Merkealdiak astelehenean hasi ziren eta bi hilabetez egingo dituzte.
Gabonak amaituta heldu da merkealdia saltokietara. Astelehenean itsatsi zituzten merkealdi kartelak erakusleihoetan, eta martxora arte mantenduko dituzte. Errenteria-Oreretako bost saltokietan izan da HITZA merkealdian jende gehiago hurbiltzen den eta komertzio txikien egoera nola ikusten duten galdetzeko, eta gehientsuenak bat datoz, mugimendua sumatzen da batez ere lehenengo asteetan, baina ez behintzat, garai batean izaten zen modukoa.
Bi urte daramatza
Naïf dendan lanean Rosa Martin Bautista eta pasa den uztailetik da berea. Foru plazan kokatuta, 0-16 urte arteko haur eta gazteen arropa saltzen du. Astelehenean hasi zen merkealdia eta une honetan %30eko beherapena eskaintzen ari da. Merkealdiaren eragina ez dela asko nabaritu momentuz dio, “hilaren 5a arte Eusko Jaurlaritzak ateratako deskontu txartelak izan dira, eta egia esan hori eskaintza zoragarria izan da bezeroentzat zein komertzio txikiarentzat. Bonoa erosteagatik hogei euro ordaindu, eta hamar euro gehiago zenituen erosteko, hau da, 30 euro komertzio txikian gastatzeko”. Pizgarria izan dela dio, eta horrek Gabonen aurretik erosketak ugaritzea ekarri duela beste urteekin alderatuta, “orain merkealdia normaltxoa izaten ari da, jende askok merkataritza zentroetara jotzen du. Jende gehiago bai, baino askoz ere gehiago ez da etortzen, eta ez da, beraz, izugarria dela esateko modukoa”. Hurbiltzen direnak, pagotxa bila joaten direla dio, “eta horretarako pixka bat gehiago itxoiten dute, artikuluak %50ean jartzen ditugun arte. Batzuetan horrek bere arriskuak ditu, pagotxa agian ez dagoelako saldu dugulako. Hasierako egunetan nabaritzen da, baina jaisten doa”.
Batez ere arratsaldez joaten dela jendea erostera esan du. Saltoki txikien egoeraren gainean galdetuta egoera “zaila” dela dio Martinek, “baina suspertzen ari da. Zaila da egoera, baina nabaritzen ari naiz ni behintzat jendea herriko komertzioetan erosten hasi dela. Kalitatea, prezioak, arreta… izan daiteke horren atzean. Azken batean bezeroak ezagutzen dituzu, nire kasuan beren seme-alabak ezagutzen ditut, badakit zer duten gustuko, eta aholkatzea dut. Merkataritza gune handiek eskaintzen ez dituzten gauzak eskaintzen dizkiogu bezeroari ‘eraman etxera lasai probatzeko eta ekarriko didazu’…”. Jendeak horri guztiari balioa ematen diola dio Martinek. Saltoki txikiaren egoera zaila dela, baina pixkanaka ateratzen ari dela, indartzen dio.
Etxeko arropa, lanekoa, eta gizonen barruko arropa saltzen ditu, baita izarak, edredoiak edo sukaldeko zatarrak ere Cristina Garciak Foru plazan dagoen Rosmi dendan. Merkealdian neguko produktuak ateratzen ditu, “neguko pijamak, izarak… gainontzekoak, urte osoan zehar saltzen ditudanak, ez ditut ateratzen. Eskaintza ez da handia, baina esandakoak %30 merkeago izango ditut martxora arte”. Mugimendua ez duela nabaritu dio Garciak, “ez dakit diru zorroak hustu egin diren erabat, baina ez dago mugimendurik. Aurten, gainera, harritzekoa izan da, baina Errege Magoen bueltan egiten genuen salmenta jaitsi egin da”. Izan ere, bere kasuan behintzat Olentzeroarekin baino askoz ere gehiago saltzen du Errege Magoen harira, “aurten, ordea, ez da hala izan eta eskerrak Olentzeroan saldu genuen gehiago”.
Saltoki txikiak zaindu behar direla dio, “ez bada komertzio txikia zaintzen, herria iluna izango da erabat, tristea saltokirik gabe. Merezi du, beraz, mantentzea, bertan erostea herriari ere bizitza ematen diolako”. Bere kasuan salmentak mantendu dituela dio, “egonkor dago denda. Egia da izaten direla une batzuk salmentak ugaritzen direla, batzuetan espero ez dugunean ere”.
Mariasun Lentzeriakoa da Izaskun Alvaro. Merkealdiaren hasieran nabaritzen dela eta jende gehiago sartzen dela dendara dio, “nabaritu dugu, baina suposatzen dut egun batzuetako kontua izango dela eta gero jaitsiko dela”. Pijamak, galtzerdiak eta bularretakoak dituzte oraintxe merkealdian. Gizon, emakume eta haurren barruko arropa eta pijamak saltzen dituzte eta horrekin batera mertzeria gaiak.
Komertzio txikiari bultzada eman beharra dagoela dio, “uste dut egiten dena baino gehiago lagundu daitekeela, adibidez, udalak bitarteko gehiago jar ditzakeela laguntzeko. Komertzio txikitik saiatzen bagara ere, ez dugu askorik egiteko”. Bezeroen jarrera ere garrantzitsua dela dio, eta hori aldatu beharra nabarmendu du, “lortu behar dugu merkataritza zentro handien ideia utzi eta herriko komertzio txikira etortzea, hori ezinbestekoa da. Denon artean, udala, merkataria eta bezeroaren artean komertzio txikiaren aldeko apustua egiten saiatu behar dugula uste dut”.
Komertzio txikia bultzatu beharra
Emakume eta neska gazteen arropa saltzen du Cristina Teixeirak
Love & Paradise dendan. Merkealdiarekin mugimendu gehiago sumatzen dela normalean esan du. Une honetan %30ean ditu gaiak, eta aste pare bat barru %50ean jarriko dituela dio. Bere kasuan arropa guztia du eskaintzan, arropa eta osagarriak saltzen ditu, eta batez ere jendeak “goiko parteak” eskatzen dituela dio. Denda zabaldu zuenetik bigarren merkealdia du Teixeirak, eta argi dio: “Lehenengo asteetan nabaritzen da bezero kopuruaren handitze hori, gero, epe hori pasata berriz ere erlaxatzen da. Lehenengo asteetan daude pagotxak eta nabaritzen da”.
Errenteria-Oreretan denetarik aurki daitekeela dio, “nik uste dut eskaintza zabala dagoela, eta merkataritza txikiaren bezeroak oso leialak direla esango nuke. Jende asko saiatzen da herrian bertan erosten, eta gero nahi duena ez badu aurkitzen beste lekuetara jotzen du, eta hori garrantzitsua da, leialtasun hori mantentzea komertzio txikiarekin eta herriarekin. Hori batez ere jende helduarekin da horrela, eta 40 urteen bueltan dabiltzanekin. Gazteen kasuan geroz eta gehiago jotzen dute merkataritza gune handietara, edo internet bidez erostera… ez dakit, beraz, nora helduko ote garen. Halere nire denda ongi doa, pozik nago”.
Errenteria-Oreretan, komertzio txikian erostea ezinbestekoa dela argi du, “denok ixten badugu, denok bagoaz… zein litzateke egoera? Gure dendetan harremana bestelakoa da bezeroarekin”.
Oinetakoak saltzen ditu Sorkunde Ezenarrok Boni zapata dendan. Emakume zein gizonen oinetakoak saltzen dituzte eta beraiek ere merkealdiaren kartela dute Andra Mari kalean kokatutako dendaren erakusleihoetan. Jende gehiago joaten dela dendara dio, “batzuk merkealdira itxoiten dute oinetakoak erosteko. Hala ere, ez dira garai bateko merkealdiak, askoz ere lasaiagoa da. Beti ere gehiago saltzen da, baina ez gehiegi”. Otsaila arte izango dituzte merkealdiak beren dendan, %30 merkeago orain, eta ondoren %50era.
Komertzio txikian erostea ezinbestekoa da beretzat: “Zer izango litzateke bestela herri bat komertziorik gabe? Hemen bizi behar dugu, hemen ordaintzen dugu”. Saltoki txikien egoera kaskarra dela dio, “bizirauten dugu”.
Guztiek herritarrak deitu dituzte herriko komertzio txikian erostera, merkealdian zein merkealditik kanpo. Egia esanda, latza da denda txikirik gabeko Errenteria-Orereta irudikatzea.