Kioskoa zaharkituta dago, eta hilaren 28an egungo kontzesioa bukatzen den arren, ez dute esleitze prozesua abiatuko. Berria egitea ez du baztertu udalak.
Aralar kaleko kioskoa. Irudia: Google Street View.
Zaharkituta dagoelako, egoera txarrean, Aralar kaleko kioskoa bota egingo du Lezoko Udalak. Berez, urtarrilaren 28an bukatzen da kioskoaren egungo kontzesioa, baina ezin da berriz ere esleitu, oso egoera kaskarrean dagoelako. 40 urte inguru ditu kioskoak, eta mantenu lanak ez dira egin bitarte horretan. Igandetan, bertan bakarrik saltzen dira egunkariak Lezon.
Dena dela, udalak ez du baztertzen beste bat ezartzea, toki horretan edo beste batean. Legez, udala zerbitzu hori ematera behartuta ez badago ere, diseinu berria garatu, eta hori esleitzeko baldintzak landuko ditu, eta hori hartzeko interesdunik balego, kiosko berria ezarriko litzateke herrian.
Udala jakitun da igandetan bertan saltzen direla soilik egunkariak, hortaz, udalak borondatea adierazi du zerbitzu hori berriz ere martxan jartzeko, “betiere, interesdunik balego”. Udalak den-dena prest duenean, kiosko berriaren kudeaketarako lehiaketa publikoa abiatuko du.