Gabonetako Zumba maratoi solidarioan bildutako 852 euroak Juneren Hegoak elkarteari eman dizkiote udalak eta Serviocio enpresak.
Jon Txasko, Maite Gartzia eta Joseba Pikabea.
Galtzarabordako kiroldegiaren pista elkartasun eremua bilakatu zen joan den abenduaren 23an. Izan ere, Gabonetako zumba maratoi solidarioa antolatu zuten Kiroletako azpisailak eta Serviocio-BeOnek Juneren Hegoak elkartearekin elkarlanean. Jasotako dirua, Juneren Hegoak elkarteari eman diote gaur, 852 euro eta elkartearen izenean Maite Gartziak jaso du txekea Joseba Pikabeak kiroldegiko jardueren antolatzailea, Gorka Bengoetxea Seviocioko arduraduna eta Jon Txasko Kirol zinegotziaren eskutik.
Gartziak eskerrak eman dizkie guztiei, “emandako laguntzagatik”. Maratoiaren antolaketa “ezin hobea” izan zela esan du eta udalarentzat ere izan ditu esker on hitzak Gartziak, “berak ere lagundu gaituelako”. Jon Txasko Kirol saileko zinegotziak azaldu duenez, “ekarpen honekin babesa adierazi nahi diogu Juneren Hegoak elkarteari, eta eskerrak eman egiten duen lanarengatik”. Zumba maratoian parte hartu zuten herritar guztiei ere eman dizkiete eskerrak gaurko ekitaldian. 91 pertsona aritu ziren guztira, haurren saioan 14 lagun, eta helduen saioan, berriz, 77.
Juneren Hegoak elkarteak laguntza sare bat sortzeko hasi zuen bidea, haurren gaixotasun, heriotza edo dolu esperientzia bizitzean kalteberatasun egoeran dauden Gipuzkoako familiei laguntza eta babesa emateko. Jasotako dirua ospitalean akonpainamenduak ugaritu, eta gaixorik dauden haurren zein gurasoei begirako terapietara bideratuko du elkarteak.
Aurrerantzean elkarlanean aritzeko asmoa azaldu dute, Juneren hegoek, hegaka jarrai dezaten.