Hilaren 27an egingo dute, hirugarren urtez, Kuadrillen Negua. Udako jendetzarik ez da biltzen, baina Kuadrillen Egunaren hasierako izaera jasotzen du. Aurten ere hala izango da.
2017ko Kuadrillen Neguko argazkia. Aurten ere Merkatuzarren izango da bazkaria.
Klimari dagokionez, gogorra izaten ari da 2018 urte hasiera. Negua gogorra egiten ari zaionarentzako erremedioa badute Errenteria-Oreretan: Kuadrillen Negua. Hilaren 27an egingo dute, eta hirugarren ekitaldia izango da. Neguaren hotzari ez ezik, urtarrileko aldapari eta kale ia hutsen malenkonia bustiari aurre egin nahi diote.
Anetz Etxeberria eta Nerea Izagirre ari dira, beste hainbat lagunekin batera, egunaren antolaketan. Memoria pixka bat egin dute: «Lehenengoa 2016an egin zen, Kuadrillen Egunaren 25. urteurrenaren harira. Zerbait ezberdina egiteko asmoarekin egin genuen orduan, inolako jarraipenik emateko asmorik gabe. Horrez gain, Kuadrillen Egunaren aurreko formatura bueltatzeko saiakera bat izan zen: kaldereteak, jende kopuru txikiagoa…». Esan dutenez, autogestioan oinarritutako festa horrek badu bere arrakasta. Izagirre:?«Interesgarria dela iruditzen zait fenomeno hori. Festa mota batek gauza batzuk eskatzen ditu, eta besteak, beste batzuk. Urtarrilera joaten den jende hori da espiritu zaharra errekuperatu nahi duelako: kalderetea egin, lehiaketa horretan parte hartu, gainontzekoekin partekatu…».
Hasiera batean ez zuten hirugarrenez antolatzeko asmo handirik, baina hainbat faktorek bultzatu dituzte horretara. Egiteko hiru arrazoi zerrendatu ditu Izagirrek: «Alde batetik, formatua beragatik, txikiagoa delako. Bestetik, ezingo genuke egin tabernetako (Sindikato, Landare, Xera eta Arkaitza) jendearengatik ez balitz. Asko laguntzen gaituzte Kuadrillen Egunetan, baita beste gauza batzuetarako ere. Beti daude prest, eta beraien babesari esker, askotan, animatzen gara horrelako gauzak egitera. Udaleko Kultura Sailetik ere asko laguntzen gaituzte. Azkenik, arrakasta izan zuen beste faktore bat Andoni Oilokiegik bazkaldu ondoren eman zuen kontzertua izan zen. Aurten ere gonbidatuko dugu».
Horrez gain, Dj Txankleta (Aneguria rap abeslaria) ere gonbidatu dute. Orain arteko ekitaldietan Dj Bull aritu da poteoa girotzen, baina aurtengoan agenda beteta du. Baina bada pisuzko arrazoirik, Etxeberriak azaldu duenez: «Dj Txankleta Atlantikaldian aritu zen, larunbatean, eta asko gustatu zitzaigun. Gainera, ohikoa den Dj Bullek ezin du etorri… Beraz, aldaketa egitea egokia zela ikusi genuen».
Kalderete lehiaketak ez du hutsik egingo.
Hori bai, alde positiboak dauden bezala, negatiboak ere badaudela gaineratu dute: «Orain arte Aitzol Gogorzaren aldeko logoa jartzen genuen kamisetan», gogorazi du Izagirrek, «baina aurten Mikel Arrietarena gehitu behar diogu. Zoritxarrez, aldarrikatzen jarraitu behar dugu, herriko beste preso bat gehiago gaixo daukagulako».
Goizetik goizaldera
Goizean goiz —erlatiboki— hasiko da Kuadrillen Negua. 10:00etan hasiko da muntaketa, Peñafloridako kontearen plazan (Merkatuzarren goiko aldeko plaza). Ordubete beranduago hasiko dira kaldereteak prestatzen. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, nahi diren osagaiekin bete daitezke platerak, eta 10-15 lagunentzako izan beharko dira. 14:00etan hasiko dira, Merkatuzarreko estalpearen babesean, egindakoa dastatzen. Txartelak Xera, Landare eta Sindikaton daude salgai.
Bazkaldu ondorenerako utzi dute Oilokiegiren kontzertua. Aurten, gainera, bakarrizketa antolatu dute, Nerea Arriola
youtuber-aren eskutik. 17:00etan hasiko dira jasotzen. Deialdi berezia egin diete parte hartzaileei: sortzen diren hondakinak bereizteko. Gainera, edalontzi berrerabilgarria etxetik eramatea gomendatu dute.
Hortik, kalera aterako dira:?egunaren berezitasun nagusietako bat den poteoa egingo dute, furgonetaren atzetik. Plateretan egongo da Dj Txankleta. Sindikato tabernan bukatuko dute ibilbidea, eta bertan Mojito Gaua ospatuko dute, Dj Bortxek ordenagailutik musika jartzen duen bitartean, tabernaren itxiera ordura arte.
Aurreko bi urteetan herriko industriaren argazkiekin osatutako panelak egon dira bazkarian, baina aurten oraindik ez dute ezer ere ez prestatu. Hori bai, egunaren irudi den Lineren presentzia bermatuta egongo da. Horren harira, aurrerago begira jarri da Izagirre: «Aurten, udalak eta hainbat eragilek antolatutako inauterietan, ogibideak izango dira mozorrotzeko gaia. Ogibide mota asko izan dira nagusi herri honetan, eta horietako asko emakumeek egindakoak, ikusezin bihurtu direnak: Lino fabrikakoa, gaileterak, eta abar. Hor botatzen dugu gonbita…».
Uztailaren 23ra begira, oraindik ez dira prestaketetan hasi, baina Etxeberriak ziurtatu du iazko eredua mantenduko dutela, Kuadrillen Egunaren antolaketan ahalik eta jende gehien inplikatzeko asmoz. Dagokion momentuan emango duten horren berri. Uda iritsi bitartean, Kuadrillen Neguarekin gozatzeko aukera egongo da, 2017ko eta 2018ko madalenen ekuadorrean. Sei hilabete nahikoa denbora da ajea pasatzeko…