XVI. mendean euskal emakumeek janzten zituzten burukoen erakusketa zabalik da Errenteria-Oreretako Jantziaren Zentroan; garaiko elizak erabat debekatu zituen,
itxura falikoa zutela argudiatuta

Iraultza Dantza Taldeko kide Ramon Garcia, Jantziaren Zentroan, burukoen erakusketan.
Erdi Aroko emakumeen burukoak, adar itxurakoak edota falikoak, XVI. mendekoak. Horiexek Errenteria-Oreretako Jantziaren Zentroan erakusgai jarri dituztenak.
16 buruko dira guztira, horietatik lau dagokien jantziekin osatuta. Garaiko grabatuetan ikusitakoa oinarri hartuta eraiki dituzte Iraultza Dantza Taldeko kideek, aspalditik bilduta zuten informazioa baliatuta.
Burukoak «adar itxurakoak eta falikoak» dira, Iraultzako kide eta Jantziaren Zentroko arduradun Ramon Garciak azaldu duenez, «ohi bezala, bere begietara arraroa zen guztia deabruak hartuta jotzen zuen elizak. Burukoekin ere horrela egin zuen». Hala izendatuta agertzen dira garaiko dokumentuetan. Baina, egiari zor, izendapena deskribatzailea ere bada. Erabat falikoak dira buruko horietako batzuk (erakusketan mota horretako bi ikus daitezke) eta beste askok adar itxura dute.
Garcia: «Historialariek diotena da emakumeek naturan ikusten zuten hori irudikatzen zutela burukoetan: animalien adarrak, arrainen isatsaren itxura dutenak daude, mendi itxurakoak… baita zakilak ere».
Zumitzaren laguntzaz
Ikusgarriak dira burukoak, handiak gehientsuenak. Ez dirudi erraza horiek eraiki eta jartzea, eta horren inguruan ere badira hainbat teoria. «Historialari batzuen arabera, emakumeek beren ilea erabilita hodi moduko bat egiten zuten, eta ondoren hodi hori zapiarekin lotuz osatzen zuten burukoa», azaldu du Garciak.
Ezbaian jarri du, edonola ere, hala egin zezaketenik, eta beste teoria bati sinesgarritasun handiagoa eman dio: «Zumitza erabiliz egitura eraikitzen zuten, eta euskarria buruan jarrita zutela lotzen zuten. Jartzen zuten aldiro lotzen eta askatzen zuten», gaineratu du.
Zumitzezko egitura horiek nolakoak ziren ikus daiteke erakusketan —halakoak erabilita sortu dituzte ikusgai dauden buruko denak—, baita garaiko emakume euskaldunek beren jantzi apain eta ikusgarrien azpialdea nola egituratzen zuten ere. Ez dirudi azkar egiteko moduko lana.

Garai bereko lau jantzi ikus daitezke erakusketa berean.
«Emakume euskaldun asko erre zituen Pierre Lancre inkisidore ezagunaren arabera, emakumeek 12 ordu behar izaten zituzten burukoa jarri eta kentzeko», kontatu du Garciak. Baieztapena, edonola ere, gehiegizkotzat jo du, «inkisizioak bere barrabaskeriak zuritzeko erabilitako amarrua da».
Ziurra dena da buruko haiek ez zirela elizaren gustukoak. «Lizarran elizak agindu asko eman zituen burukoen luxua eta gehiegikeria debekatzeko», jakinarazi du Garciak, «ziotenez, emakumeen bere etxeko ardurak bazterrean uzten zituztelako jantziekin kezkatuta».
Garaiko jantzien ikusgarritasunaren beste arrasto bat ere nabarmendu du Jantziaren Zentroko arduradunak: «Baskoniari Espainiako Venezia deitzen zioten, bertakoek janztean zerabilten luxu eta distirarengatik».
Hiru motako burukoak
Oro har, hiru motako burukoak erabiltzen zituztela azaldu du Garciak. «Etxean egotekoak, soilenak, burura lotutako zapi bat besterik ez zirenak; kalera ateratzekoak, askoz ere ikusgarriagoak eta altuagoak, eta dantzatzeko erabiltzen zituztenak, baxu eta apalagoak, buruaren oreka errazago mantentzeko».
Baina buruko horiek ezin ziren edonora eraman: «Erabat debekatuta zegoen horiekin elizara sartzea, elizari erabat lizunak iruditzen zitzaizkiolako».
Aurkikuntza Parisen
Jantziaren Zentroan informazio asko dute, Iraultza Dantza Taldeak aspalditik bildua. Orain, gainera, altxor hori aberastera heldu den beste aurkikuntza baten berri eman du zentroko arduradunak. Jakinarazi duenez, Parisko Operaren bibliotekan garai hartako 300 grabatu topatu dituzte, eta laster dira iristekoak Errenteria-Oreretara. Jaso bezain laster, erakusketara bilduko dituztela agindu du Garciak.
Jantziaren Zentroa asteburuetan bisita daiteke, larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara. Burukoen erakusketa otsaila bukaera bitartean egongo da ikusgai.