Lanak egiteko kontratua pasa den abenduan sinatu zutela eta lanak berehala hasiko dituztela nasen arteko lur azpiko pasabidea egiteko esan du Adif-ek.
Epe laburrean hasiko dituzte lanak lur azpiko pasabidea egiteko.
Epe laburrean, hilabete baino gutxiagoan hasiko dituzte lanak Lezo-Errenteriako Renferen geltokian Adifek HITZAri jakinarazi dionez. Lanak egiteko kontratua pasa den abenduan sinatu zutela eta lanak berehala hasiko dituztela nasen arteko lur azpiko pasabidea egiteko esan du Adif-ek. Gaur egun trenbidea gurutzatzeko bide bakarra lur azaleko pasabidea da, eta herritarren aspaldiko eskaera da horren ordez, lur azpiko pasabidea egitea, segurtasun arrazoiengatik.
Pasabidearekin batera, argiteria hobetuko dute, eskailerak jarri eta baita igogailua ere.
Joan den astean bertan, Lezoko PSE-EEren bozeramaile
Jose Angel Sanchezek salatu zuen ez zela bidezkoa lur azaleko pasabide hori oraindik hor egotea.
Erortzen ari den eraikina eraitsiko dute
Bestalde, Renfek Errenteria-Lezoko geltoki parean duen biltegia erortzen hasi zen ostiralean. Adif-ena da eraikina eta udaltzaingoak eten egin zuen trafikoa, segurtasuna bermatzeko, Askatasunaren Martiriak kalean. Hesituta izan da eremua gaur arte eta trafikoa etenda, baina une honetan zabalik da dagoeneko. Adif-ek irisgarritasun planaren barruan eraikina botatzea aurreikusia dagoela jakinarazi du, “zaharra da eta ez dago egoera onean. Ostiralekoaren aurretik, erabakita zegoen lur azpiko pasabidea egiteko garaian hura eraistea”.
Horrenbestez, irisgarritasuna hobetzeko lanak hastearekin batera eraitsiko dute biltegia zena.