Oiartzungo Udal Artxiboko 1658 eta 1707 urteen arteko udal akten hustuketa egin dute. Han bildutako datuak dibulgatzen ari dira, besteak beste
Udal akta liburu zaharrenetako idazkera ia ulertezina da egun. Orrialde asko, gainera, zaharberritu dituzte.
Hilero-hilero, oiartzun.hitza.eus webgunean Oiartzungo Udal Artxiboko akta zaharren dibulgazioari buruzko sarrera bat aurki daiteke. 1658 eta 1707 urteen arteko udal akten hustuketatik ateratakoak dira. Orain dela bost urte hasi ziren hustuketa hori egiten, euskara hutsean. Ez da ohikoa euskaraz egitea, eta udal gutxi batzuk dira hizkuntza hautatu dutenak. Koro Pascual Oiartzungo artxibozainak azaldu duenez, udalak propio hautatu zuen euskara: «Euskara bultzatzeko erabakia izan zen. Jendeari biak aukeran ematen badizkiozu, normalena da gaztelerara jotzea». Hori bai, ez du gaztelania baztertzen, puntualki bada ere: «Momentu batean ikusten badugu eskaera oso handia dela, itzulpena egitea ez da hain zaila, behin lanik gogorrena eginda. Baten batek ez badu ulertzen, hemen egingo zaio itzulpena, edo nik egingo diot bilaketa». Helburu nagusia, informaziora heltzeko bidea herritarrei erraztea da.
Hustuketa egiteko ardura Ereiten Kultur Zerbitzuak enpresak izan du. Iago Irixoa historialaria aritu da horretan. Lehenik eta behin, hustuketa bat zer den azaldu du: «Dokumentazioan dagoen informazio hori guztia, gaur egungo euskarri informatiko eta digitalak aprobetxatuta, hor dauden ideia nagusiak datu base batean sartzea, fitxa batzuen bitartez. Gure kasuan, Oiartzungo Udalak Nosis Pro programa erabiltzen du. Diseinatutako txantiloi batzuetan, eremu batzuk sortzen dira: data eremua, signatura edo dokumentuaren kodigoa, eta laburpen bat».
Oiartzunen kasuan, udal aktak dira, eta bertan agertzen diren erabakien arabera sailkatzen dituzte. Adibide batzuk zerrendatu ditu Irixoak: «Olaberria burdinola enkantean jartzea, edo beste errenta batzuentzako: otea moztu, karobia egin edo dena delakoa».
Udal akten hustuketa euskara hutsez egitea erabaki zuten; ez da ohiko erabakia
XVII. mendeko idazkera, baina, ez da ulertzeko erraza. Irixoak paleografia ikasi zuen unibertsitatean, baita dokumentu bakoitzak zein zati dituen ere. «Guri irakatsi ziguten», gogorarazi du, «baina eginez ikasten den gauza bat da». Azaldu duenez, zenbat eta berriagoak aktak, orduan eta ulergarriagoa da idazkera. Hori bai, zehaztu du beraiek ez dutela transkribaketa osoa egiten, eta garaiko udalak hartutako erabaki bakoitzaren nondik norakoak ematen dituztela gaineratu du.
Hiztegien beharra
Hizkuntzaren hautaketari dagokionez, Irixoak bi faktore bereiztu ditu. Alde batetik, euskaraz hustutzearena. Bestetik, XVII. mendeko dokumentuekin lan hori egitea. Ereiten-ek lan egin duen beste udaletan, XIX. eta XX. mendeetako akten hustuketa egin dute. Irixoa: «Hiztegi aldetik ohikoagoa zen hori. XVII. mendeko dokumentazio osoa gazteleraz dago, eta euskaraz egiteko garaian, hainbat tresna edo euskarri behar dituzu euskarara itzultzeko. Antzin Erregimeneko zergak, erakundeak eta beste hainbat gauza ez daude egungo hiztegietan islatuta. Gakorik nabarmenena hor dago». Ildo horretatik, esan du jakitun direla irizpideek behin-behinekotasunan dutela. Izan ere, oraindik ez dago euskarazko hiztegi historiko-teknikorik.
Udal artxiboan gordetzen dituzte dokumentuak.
Bi lanabes erabiltzen dituzte horren ordez. Bata,
Orotariko Euskal Hiztegia. Bestea, Manuel Larramendiren
Hiztegi Hirukoitza (1745). Oiartzungo aktetan agertu diren termino asko biltzen ditu hiztegi horrek. «Badakigu Larramendik», esan du Irixoak, «garbizaletasunaren bidetik, termino asko asmatu eta moldaketa nahiko xelebreak egin zituela. Baina beste gauza batzuetarako termino oso jatorrak erabiltzen ditu, eta garairako zuzenak zirenak. Nolabaiteko euskarria ematen digu horrek».
Dokumentazioa gaztelania hutsean dago, baina tarteka agertzen dira euskarazko hitzak. Esaterako, burdinolen teknologiari buruzko termino asko:?«Gaur egun zaila zaigu terminologia hori ulertzea, eta
Orotariko-ra jotzen dugu. Batzuetan gertatzen da terminoa jasotzen duela, baina ez duela bat egiten topatutako testuinguruarekin». Bere esanetan, Orotariko Euskal Hiztegia osatzerakoan, ez zuten jatorrizko dokumentuekin lan egin, egile klasikoekin eta literaturari lotutako iturriak erabili zituzten.
Eguneroko bizitza
Edukiei dagokienez, hainbat gauza kurioso aurkitu dituztela jakinarazi du, eta horregatik egiten dutela hileroko dibulgazioa. «Bitxikeriak daude, baina baita eguneroko bizimoduko kontuak ere, festak eta abar». Irixoaren ustez, Oiartzunek, —«agian»—, Errenteria-Oreretak baino gutxiago eman dezakeela esan du, ondoko udalerriak itsasoa zuelako eta nazioarteko harremanak agertzen direlako. «Baina bai», zehaztu du, «Oiartzunek ematen du jokoa: euskarazko hitzak agertzen dira; maisuaren kontratua non euskaraz aritzea debekatzen zitzaiela haurrei; otso ehizari buruzkoa —ea datorrenean argitaratzen dugun—; eta abar».
Udal aktak aseptikoak izan daitezkeela uste den arren, orduko eguneroko bizitzaren berri ematen dute. Izan ere, udalaren erabakiak esparru askotara iristen ziren, ñabardura batekin: «Garaiko udalen ikuspegia ematen dizkizute aktek. Gero badaude notario protokoloak, ezkontza hitzarmenak, testamentuak eta abar».
Horrela, Koroa mailako eta probintziako egoerak islatzen dituztela azaldu du historialariak, baita herritarren kezka eta interesak ere: «Udalaren funtzionamendua ikusteko oso gauza adierazgarria dira aktak. Adibidez, ardoaren edo sagardoaren hornidura enkantean jartzen zuten. Irabazten zuenak, berak saltzen zuen tabernetan. Berdin olioarekin, arrainarekin eta oinarrizko elikadurarekin». Udala arduratzen zen oinarrizko elikagai haiek hornitzeaz; enkantean jatzen zituzten, eta horrela diru sarrerak lortzen zituzten.
Ereiten Kultur Zerbitzuak enpresa aritu da hustuketa lanetan, bost urtean
XVII. mendeko beste bitxikerietako bat da udalbatza urtero berritzen zutela. Aktetan bilduta daude garaiko hauteskunde prozesuak —hautesleria egungoa baino askoz murritzagoa zen—:?hautagaien paperak kapela batean sartzen zituzten, eta ume batek ateratzen zuen lehenengo izena izendatzen zuten alkate.
Toponimia
Oiartzunen gaur egun erabiltzen diren toponimo gehienak XVIII., XIX. eta XX. mendean sortu ziren. Horregatik, orain arte ezezagun ziren hainbat toponimo topatu ditu Irixoak. «Oiartzunen, badago XV. mende amaierako dokumentu bat. Errolda bat da, garaiko etxeena, eta hor toponimo pila bat dago. Toponimia liburua osatzeko, ez zuten erabili. Haren hustuketa partzial bat egin zuten Iturriozko dorretxeari buruzko liburua osatzeko».
Toponimia liburu horietan etxeen izenak agertzen dira, baina ez inguruko lur sailetakoak. Horren hutsunearen gaineko hipotesia bota du: «Segur aski dokumentuak irakurtzen ez zekitelako da; esan dezakegu analfabeto historikoak zirela. Hala ere, aktetan jaso ditugu toponimo ezezagun horiek».
Toponimo berri horiek identifikatzeko garaian, Irixoak azaldu du beste batzuk daudela inguruan, eta horrek mapan kokatzeko balio duela. «Beste batzuetan, berriz, ez da horrela gertatzen. Oso informazio murritza ematen dizute, eta beste iturri batzuetara jo behar duzu. Hala ere, gehienetan jakin daiteke non dauden leku izen horiek».
4.700 fitxa, guztira
Oiartzungo udal aktarik zaharrena 1658koa da, eta lehen hustuketa hori ia mende erdi geroago pausatu dute. Tarte horretako aktetatik 4.700 fitxa atera dituzte. 50 urtean hainbeste bilera egitea gehigizkoa dela dirudi, baina badu azalpena. «Hasieran pentsatzen genuenez, udal akta liburuek bilerak bakarrik zituztela. Kalkuluen arabera, astean behin elkartzen ziren, eta ez ohiko bilerekin kontatuta, 60-65 bilera ateratzen dira urteko. Gainera, gerra zurrumurruak zeudenean, ugaritu egiten ziren bilkurak».
Oiartzunen, baina, ikusi zuten akta liburuek beste dokumentu batzuk josita zituztela: otea edo haritzak mozteko baimen eskaerak; aldundiak bidaltzen dituen eskutitzak; erregeak bidaltzen dituen jakinarazpenak eta beste dokumentuak; udal burdinolaren ikuskatze txostena… «Askotan, txosten horiek bileraren aktari josten zaizkio. Baimen hori ez duzu aparte hustu behar, fitxetako oharretan aipatu behar duzu dokumentua josita duela. Zer gertatzen da? Dokumentazio horrek ez du nolabaiteko harreman zuzenik bilera horiekin». Horregatik, Ereiten-ekoek erabaki zuten dokumentu horien fitxak ere egingo zituztela. Orotara, 4.700 fitxa osatu dituzte.
Hustuketa lanek aurrera jarraituko dute. Hala iragarri du Koro Pascual artxibozainak:?«Aurten ere jarraituko dugu, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza dugulako. Gertatzen dena da oso motela dela lana, urte askokoa baita». Oiartzungo hustuketa lanean —zein beste batzuetan— ateratzen diren hitzekin, hiztegi bat egin nahi du Eusko Jaurlaritzak, orain dagoen hutsunea betetze aldera.
Ez da udalaren artxiboan daukaten lan bakarra. Artxiboaren digitalizazioarekin ari dira, baina alderantziz. Pascual: «ORC (Karaktereen Errekonozimendu Optikoaren ingelesezko siglak) batekin ariko naiz, eta hustuketarena saltatuko da. Normalena da informazioa berreskuratzea artxibo horrekin, jendeak errazago kontsultatzeko». Horrez gain, orain dela urte batzuk, Eusko Ikaskuntzarekin batera, espediente batzuk transkribatu zituzten, eta bi liburu argitaratu ziren horiek biltzen.
Horiek horrela, argi dago Oiartzungo artxiboaren ondareak baduela etorkizuna.