Iniziatiba berria jarriko du martxan bihar Errenteriako Udalak Lau Hazietara Euskaltzaleon Topagunearekin elkarlanean. Helburua, euskarazko kalitatezko aisialdia herriko familien eskura jartzea.
Foru Plazako parkean egin dute aurkezpena.
Iniziatiba berria jarriko du martxan bihar Errenteriako Udalak Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearekin elkarlanean. Helburua, euskarazko kalitatezko aisialdia herriko familien eskura jartzea. Horretarako, berriz, ingurune naturala, familiak jolasten diren eremua aukeratu du: jolas parkeak. Gaur aurkeztu dute, bihartik hasi eta ekainera arte 0 eta 8 urte arteko haurrei begira ostiralero herriko auzo ezberdinetako hainbat parketan egingo duten proiektua, Itziar Ostolaza Gazteria zinegotziak, eta Lau Haizetarako kide Maialen Arrieta, Malen Diez eta Gorka Urruzolak.
“Familia Jolasean iniziatibarekin kalitatea eta euskara oinarrian dituen aisialdi eskaintza egin nahi dugu. Kale hezitzaileek jolas dinamiko eta bideratuak egingo dituzte familia edota zaintzaileekin”, azaldu du Ostolazak. Iniziatibak jauzi bat suposatzen duela esan du, “orain arte, horrelakoak leku itxietan eta talde itxietan egin ditugulako, eta orain berriz kalera aterako gara, parkeetara, espazio irekietara, ulertuta ostiral arratsaldeetan haur eta familien eremu naturala jolas parkea dela”. Kalera ateratzearena ez da izango jauzi bakarra, izan ere, erdialdetik auzoetara eraman dutelako proposamen berria, “proiektuak euskararen eroale edota arnasgune izan nahi du auzo ezberdinetan”.
“Herri kohesionatu” bat lortzeko bidean halako dinamika bideratuak tresna garrantzitsuak direla erantsi du Ostolazak, “bide eman dezakete familia ezberdinak elkar ezagutzeko, jolasa partekatzeko, eta aitzakia izango dute gainera herriko auzo eta parke ezberdinak ezagutzeko”.
Beraun auzoko Pablo Sorozabal parkeak hartuko du proiektu berriaren lehen saioa bihar 17:30ean hasita, estalia denez, eguraldiak ez du eraginik izango. Hurrengoak non izango diren zehazten joango direla azaldu du Ostolazak.
Kuadrillategin izen emateak bikoiztu
DBHko gazteei begira Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak eta udalak elkarlanean antolatzen duten Kuadrillategi programaz mintzatu da, bestalde, Ostolaza. Pozik azaldu da, aurten bikoiztu egin delako izen emate kopurua. Horren harira, azken urteetan saiakera berezia egiten ari direla Kuadrillategiko gazteak Gaztelekuetan aritzen direnekin harremanetan jartzeko gaineratu du: “Kuadrillategin parte hartzen duten gazteek ariketa berezia egiten dute euskararen erabilera sustatzeko, eta nolabait ere gure helburua da beraiek izan daitezen erreferente bestelako gazte espazioetan”.
Euskara, aisialdia, gazteak, erronka ez da erreza, baina bidea egiten ari dira.