Donibaneko kiroldegiko pistaren egoerarekin kexu da areto futboleko taldea; udalari instalakuntza zaindu dezan eskatu diote antxotarrek.
Oso lan ona egiten ari dira aurten ere antxotarrak; sailkapeneko hirugarrenak dira.
9-4 irabazi dio Antxoko Areto Futbol taldeak San Jorgeri. Sendo aritu dira antxotarrak, jokoan azkarrak, eta partida osoan zehar izan dira nagusi, kontrarioari partidan sartzen utzi gabe.
Honenbestez, sailkapeneko hirugarren postuan sendotu dira antxotarrak, eta pixkanaka ari dira murrizten Alipendi eta Laskorain taldeekin puntutan duten aldea.
Larunbateko partidan nabarmentzekoak, Unai Rubio eta Jon Sanzen jokoa zelaian, eta Iñigo Etxarte, Ibai Valverde eta David Hidalgo entrenatzaileen lana, aulkian.
Pista, penagarri
Itoginak daude Donibaneko kiroldegian, eta euria egiten duen aldiro pista busti egiten da.
Pozik dira antxotarrak garaipenarekin, baina haserre eta kezkatuta Donibaneko kiroldegiko pistaren egoerarekin.
Euria egiten duen aldiro ura sartzen da kiroldegira, eta pista irristakor eta egoera oso kaxkarrean geratzen da. Larunbateko partidak, areto futbolekoa lehenik, eta ondoren eskubaloikoa, bertan behera uztekotan egon ziren, nahiz eta, azkenik, biak jokatu. Baldintzak, ordea, ez ziren jokorako behar bezalakoak.
Pistaren egoera gutxi ez, eta instalazioak bestela ere utzita dituztela salatu du Areto Futbol Taldeko zuzendaritzak. “Batzuetan dutxatzeko nahikoa ur ez, bestetan pista erabat zikina”, salatu dute, eta larunbatean komun bakarra eta bi aldagela besterik ez zituztelako zabaldu kexatu dira, horren ondorioz aldagelak beste taldeekin konpartitu behar izaten dituztelako. “Udalari konponbide bat eskatu nahi diegu, taldeak jokatzera datozenean lotsa pasatzen dugulako instalazioaren egoerarekin. Pasaiako kirolarekin interesa agertu dezatela, merezi dugu-eta”.