Lasaren ordez, aparkaleku bat atondu dezan eskatu diote Portuari, eta Agintaritzak ukatu die aukera.
Datorren astean ospatuko dituzte Trintxerpen inauteriak, eta jai batzordea prestaketetan ari da. Gaur, baina, arazo baten berri eman du, eta publikoki salatu Portu Agintaritzaren jarrera.
Jakinarazi dutenez, Lasako aparkalekuan feriak jarriko dituztenez, ordezko aparkaleku bat atondu dezan eskatu diote Portu Agintaritzari, eta azken honek ezezkoarekin erantzun.
“Lasan egunero-egunero 350 ibilgailu” aparkatzen dutela gogorarazi du jai batzordeak, eta errealitate horri bizkar eman ordez, “solidarioagoa eta aktiboagoa” izateko eskatu dio Portu Agintaritzari, “are gehiago feriak Lasan jartzearen truke Portuak onura ekonomikoak” jasotzen dituela jakinik.