Gaur aurkeztu dute mendi lasterketa; 350 lasterkari, tartean 47 lezoar, izango dira igandean, Gurutze Santuaren plazako irteeran
Lezo-Jaizkibelen antolatzaileak. Erdian, Mikel Iglesia Hendaiako Gure Ikastolakoa eta Lurdes Oiartzabal, iazko irabazlea.
Jada klasiko bilakatzen ari da. Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketaren bosgarren ekitaldia egingo dute datorren igandean, hilak 18. Gurutze Santuaren plazan hasi eta bukatuko da lasterketa, 14.200 metro egin ondoren.
Ospatu baino lehenago ere, arrakasta ziurtatu dute. Izan ere, urtarrilaren 1ean dortsalak eskuragarri jarri zituzten, eta hamahiru ordutan agortu ziren. Guztira, igandean 350 helduk hartuko dute parte. Bertan izango dira iazko gizonen zein emakumeen podiuma osatu zutenak: Lurdes Oiartzabal lezoarra, Uxune Tena eta Alaitz Irazu, nesketan; eta Iker Oliveri —berak irabazi ditu ekitaldi guztiak—, Joxe Amunarriz eta Unai Santamaria.
Beraien nagusitasuna hausten saiatuko diren hainbat lezoarrek —eta bestek— hartuko dute parte, hala nola, Ander Iñarrak —lehenengo aldiz parte hartuko du—, Raul Artolak edo Richard Riverak. Beste herrietatik etorritako korrikalariak ere saiatuko dira podiumera igotzen.
Ibon Intxaurrandieta antolatzaileetako batek azaldu duenez, aurtengo ibilbidea aurreko urtekoen berbera izango da, baina zailagoa izango da: “Azken egunetan botatzen ari den euriagatik, lokatzez beteta egongo da ibilbidea. Ez da gogorra, ezta arriskutsua ere, eta horrek lasterkariak erakartzen ditu. Hala ere, aurten teknikoagoa izango da, eta errekorrak beste urte baterako utzi beharko dira”.
Hiru lasterketa
Korrikalari helduenek 14 kilometro pasatxo egin beharko dituzte, eta lehen erdia izango da maldan gora. Orduan leunduko da bidea, baina erlatiboki. Izan ere, ordurako espero baita lokatza. Dortsalak 08:30etik aurrera jaso daitezke, eta 10:00etan aterako da lasterketa. Bidean zehar lau anoa postu izango dituzte, Jaizkibelgo toki esanguratsuetan: Ixkuliñen, Allerrun eta Tiñelun. Sari banaketa, berriz, 12:00etan hasiko da: irabazleek 150 euroko balea jasoko dute, Apalategui kirol dendan xahutzeko, baita txapela eta garaikurra ere. Lezoko produktuekin osatutako saski bat jasoko dute bigarren eta hirugarren sailkatuek. Herrikoentzako ere egongo da saririk: lehenengo mutil eta neskek bina afari poltsikoratuko dituzte.
Helduekin batera aterako dira 15 eta 18 urte arteko gazteak, baina ibilbidearen erdia egingo dute. Aurten bost lezoarrek eman dute izena, eta nagusitzen direnek Hernaniko Bidearin dendak eskainitako mendiko zapatilak eskuratuko dituzte. Izan ere, Xabier Lasagak aipatu duenez, antolatzaileen helburuetako bat da Oarsoaldean mendi lasterketak bultzatzea. Hala ere, onartu du kosta egiten zaiela gazteenengana iristea.
Hirugarren lasterketa, berriz, haurrek egingo dute. 10:15ean dute zita, plazan bertan. Dortsalak 09:30etik 10:00etara jaso ditzakete, eta bost mailatan sailkatuta egingo dute korri: 0 eta 2 urte bitartean; 3 eta 5; 6eta 8; 9eta 12; eta 12 eta 15. Haur guztiek jaso dituzte lasterketaren kamisetak.
Euro solidarioa eta omendua
Urtero-urtero, kirol munduan zeresana eman duen lezoar bat omentzen dute. Iaz Lierni Lekuona txirrindularia izan zen, eta aurten Jokin Galarraga izango da. Lasagak azaldu duenez, saiatzen dira omenduko dituzten kirolari horiek gazteak izan daitezen. Hala da Galarraga: hemezortzi urte ditu. Itsua izan arren, lau urte zituenetik dabil tatamiz tatami, judoka gisa. Estatuko ONCE Txapelketa bi aldiz irabazi du, eta Europako Gazteen Paralinpiar Jokoetan brontzezko domina lortu zuen iaz. Espainiako selekzioko nagusiekin entrenatzeko txartela lortu zuen.
Omenaldiaz gain, ohitura bihurtu da elkartasunezko euroak biltzea. Izen emate bakoitzeko euro bat, zein haurren lasterketako biak, Hendaiako Gure Ikastola ikastolari bideratuko dizkiote. Mikel Iglesiak, Lapurdiko herriko ikastolako lehendakarikideak, esker oneko hitzak izan ditu: “Esan ziguten guri bideratuko zigutela euro solidario hori, eta oso pozik hartu genuen berria. Badakigu zer lan dagoen horrelako lasterketa baten atzean, zeren gu boluntarioak gara. Ia mirakulua da Seaskako 30 ikastetxeak ia egunero martxan jartzea”.
Iglesiak esan duenez, harremanak estutu nahi dituzte, eta Bidasoa ibaiak suposatzen duen muga handiegia tarteko ur hutsean gera dadin. “Iniziatiba oso polita da, herriari asko ematen baitiote. Guk geuk, Hendaian, ekitaldi asko antolatzen ditugu, eta halako gauzek bizia sortzen dute”. Hendaiakoa Seaska sareko ikastetxerik handiena da, eta orain gutxi zutitu dute bigarren eraikina. “Espazio huts asko ditu, eta bete egin behar dira. Lezo-Jaizkibel Mendi Lasterketak bideratuko digun dirua aisialdirako egingo dugun gela baterako izango dira. Eguraldi kaskarra egiten duenerako… Eta bai, Hendaian ere bai euri asko egiten du”.