Portu Agintaritzaren presidente izendatu berriak eskaintza argitaratu ondoren hartu du erabakia, jende askok jada izena emanda zuela.
Portu Agintaritzako presidente Felix Gartziandiak Pasaiako porturako hiru lanpostu publikorako hautaketa prozesua bertan behera utzi du. Erabakia ez da izan LAB sindikatuaren gustukoa, eta publikoki gaitzetsi du. LABek jakinarazi duenez, tribunala lehengo abenduan eratu zen, eta deialdia jada publikoa zen,
Portuaren webgunean hilaren 9az geroztik, eta prentsa bidez hilaren 11tik. Are gehiago, “dagoeneko dozenaka pertsona izena emanda” zutela jakinarazi du sindikatu abertzaleak.
LABen arabera Portuko lehendakari berriak izenpetutako lehen ebazpena izan da lanpostuak bertan behera uztekoa. Atzo egin du publiko bere erabakia Gartziandiak, sindikatu abertzaleak salatu duenez, “portuko langile eta eragileen aurrean bere burua oraindik aurkeztu gabe”.
Jokabide hori gogor deitoratu du LABek: “Ricardo Peñaren kudeaketa negargarriaren ostean, PNVk izendatutako kudeatzaile berriak, portuko zein langileon egoera penagarriari entzungor eginda, aurrekoaren nagusikeria berdinarekin egin du harrera”, eta kontrako norabidetik jotzeko eskatu diote, “ordezkaritza sindikalarekin” biltzeko gonbidapena luzatuz: “LABek behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela portuko eragileen arteko elkarrizketa”.