Pentsioen %25eko igoera iragartzen duten gutunak Madrilgo Lan Ministerioari itzuli dizkiote hamarnaka eta hamarnaka pentsiodunek Duintasunak deituta.
Pentsio igoera “ziztrina” jakinarazten zien gutuna itzuli dute 500 pentsiodunek.
Haserre hartu dituzte kaleak jubilatu eta pentsiodunek. Haserre, eta pentsio duin baten alde borrokatzen jarraitzeko asmo irmoarekin. Duintasunak deituta, hamarnaka eta hamarnaka lagun bildu dira manifestaziora gaur goizean. Helburua, pentsioen %25eko igoera iragartzen duten gutunak Madrilgo Lan Ministerioari itzultzea, eta horretarako, Herriko plazan bilduta, Correosen bulegoraino manifestazioa egin dute gutun horiek eskutan zituztela. “Adar jotzea” hala definitu dute bildutakoek Espainiako Gobernuaren pentsioen igoera, eta horren aurrean, 1.080 euroko pentsio duinak, euskal pentsio sistema publikoa, botiken berrordainketan atzera egitea, eta zerbitzu sozialen kudeaketa hurbila eta egokiaren alde borrokatzen jarraituko dutela esan du Duintasunak.
Guztira, 500 gutun itzuli dizkiote Espainiako Estatuko Lan Ministerioari. Pentsioen igoera “ziztrinari” ezetz esan diote keinu horrekin, eta duin bizi ahal izateko baldintzak berma ditzaten eskatu dute.
Eskaera ez da berria, Errenteria-Oreretako Duintasunak bost urte daramatza gutxieneko pentsio duinak, euskal pentsio sistema publikoa, egoitzetako langileentzako lan baldintza hobeak, soldata duinak, edota zerga mailakatuen alde borrokan, eta botiken berrordainketa, pentsioen funtsaren arpilaketa, eta gizarte laguntzen murrizketak salatzen. Hilabeteko lehen astelehenero elkartzen dira Herriko plazan elkarretaratzea egin eta manifestazioan euren aldarrikapenak zabaltzeko. Pozik azaldu dira gaur, “itxaropentsu”, pasa den hilabetetik pentsiodunen mobilizazioak ugaritu egin direlako beste hainbat herritan. Gaur milaka eta milaka pentsiodun kalean izan direla nabarmendu dute, izan ere, Pentsio Duinen Defentsarako Estatuko Plataformen Erakundeak mobilizaziora deitu du Espainiako Estatuko hiri eta herri askotan.
Pentsiodunen mobilizazioetan, inflexio puntua izan daitekeela gaurkoa uste du Duintasunak, “eta mobilizazio horiek luze irautea espero dugu, gure eskaerak lortu arte”. Lanean jarraituko dute, pentsio duinen alde, bizi baldintza duinen alde, zahartzaro duinaren alde, eta hurrengo hitzordua finkatu dute horretarako: Martxoaren 5ean, hileko lehen astelehenarekin, Herriko plazara bilduko dira, berriz ere.